Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Nora

Mingarria da oroimenaren sugarra piztuta mantendu dutenei agur esatea. 94 urterekin eta zapi zuria jantzita zuela utzi gaitu Noritak. Maiatzeko Plazako Amak mugimenduko presidenteak giza eskubideen aldeko borroka bihurtu zuen desagerrarazi zuten bere semearen bilaketa. Argentinaren historiaren garai ilunenak bizi izan zituen Nora Cortiñasek, bere herrialdeak hartutako norabidearekin kezkatuta zegoen azken garaiotan, baita Europan izaten ari den ultraeskuindarren gorakadarekin ere.

Ismael Serranok Plazako Amei eskainitako kantua gogoratu dut. «Te busca madre, mientras su cuerpo es mecido por el mar en que se sumerge dormido. Y oye tus gritos, blancos pañuelos cubren sus aguas, los trajo el viento».

Zapi zuriak iritsi dira gorpuz josita diren gure itsasoetara. «Barcos y náufragos oyen sus voces y les dicen nunca olviden nuestros nombres». Ezin ditugu izenik gabeko milaka bizitza noraezean utzi. Igandean giza eskubideen defentsarako hitzordu garrantzitsua dugu. Har ditzagun zapi zuriak itsasoan eta bonben azpian hildakoen izenak aldarrikatzeko, Argentinatik bidalitako zapi berdeak emakumeen gorpuen askatasuna exijitzeko, eta ortzadar banderak etorkizuna hamaika kolorez jantzi ahal izateko, Europa bere historiako garai ilunenetatik askatu dezagun.