Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Euskara, «ekaitz perfektua» saihesteko erronka konplexuaren aurrean

Euskararen normalizazioa ez doa bide onetik. Horrela nabarmendu zuten, behintzat, Iruñean UEUk egin zuen lehen ikastaroan. Urko Aiartza abokatuak adierazi zuenez, euskarak bidegurutze famatua gainditu du eta eta «ekaitz perfektu» baterantz doa.

UEUren mahai inguruko parte hartzaileak.
UEUren mahai inguruko parte hartzaileak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Euskararen egungo estatusaz harago joateko aukerak aztertu zituzten atzo UEUren lehen ikastaroan Iruñean. Egia esan, ez zuten baikor izateko arrazoirik eman. TM e-Lab-eko zuzendaria den Urko Aiartza abokatuarentzat, adibidez, hainbestetan aipatzen den bidegurutze famatu hori euskarak dagoeneko gainditu du, eta orain «ekaitz perfektu» baterantz abiatu da, egoera lazgarri hori ekiditeko aukerak urriak direla gaineratuz.

Panorama beltza ikusten duela nabarmendu zuen Aiartzak. EAEko Euskararen Legea onartu zenean nerabea zela gogoratu zuen. Ordutik egoerak okerrera egin duela adierazi zuen. Familiari dagokionez, euskararen egoera orain pitzatuago dago. Donostiako Alde Zaharrean hazitakoa da eta orain paisaia linguistikoan euskarak atzera egin duela ikusten du. Hezkuntzan D ereduak ez ditu beharrak asetzen. Lan arloan, ingelesa, frantsesa eta gaztelera erabiltzen dira. Honi teknologia berriak eta adimen artifiziala, aldaketa demografikoak eta immigrazioa erantsi behar zaizkio.

Elena Laka abokatuak azaldu zuenez, Administrazioarekin euskaraz harremanak izateko eskubidea onartuta dago. Justizia arloan, ordea, ez da bermatzen. Epaile, fiskal, idazkari, notario, prokuradoreek eta abarrek ez dute hizkuntza profilik. Prozedura bat euskaraz hasi eta amaitzea ezinezkoa da praktikan. «Etsigarritzat» jo du Lakak egoera hori. Dena den, Aiartza baino baikorrago azaldu da, azken urteotan aurrerapausoak eman direla nabarmenduz. EAEko Auzitegi Nagusiak, adibidez, euskarazko lerroak zabaltzeko plana onartu berri du. Dena dela, egunerokotasunean, epaitegietan langile euskaldunak badaude ere, oso zaila da euskarazko idatziak aurkeztea. Itzulpena eskatzen dute berehala. «Harreman asimetriko» erabatekoa da epaile eta herritarraren artean ematen dena, eta euskaraz aritzeko eskaerak asimetrikotasun hori handitzen du.

Ipar Euskal Herrian egoera ankerrago dago, Euskal Konfederazioko Sebastien Castetek azaldu zuenez. Legeak Parisen egiten dira eta hizkuntz eskubideak ez dira errespetatzen. Konstituzio frantsesaren bigarren artikulua, Errepublikaren hizkuntza frantsesa dela esaten duena, aldatzearen beharra nabarmendu du.

Nafarroako Topaguneko zuzendari Oskar Zapatak herrialde honetan Euskararen Legeak eta zonifikazioak izan duten ondorioak nabarmendu zituen. Hori dela eta, ezinbestekotzat jo du bi hizkuntzek estatus eta eskubide berdinak izatea. Egungo egoeran, hizkuntzen jerarkizazioa dago, gaztelera garrantzitsutzat jotzen dela, euskara arlo folklorikoetara mugatuz. Zonifikazioak egungo Nafarroan biztanleriaren %60k euskararekin inolako harremanik ez izatea ekarri du.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka ere ez da baikorra egoerari buruz. Ofiziala bada ere, EAEn euskara bigarren mailako hizkuntza da, eskubideak onartu egiten baitira, baina ez dira bermatzen. Lakuako Gobernuak ezkutuko zonifikazioa egiten duela adierazi zuen Iruñean, ez baititu irizpide berberak erabiltzen Aizarnazabalen edo Oionen, eskubidea berbera bada ere.