Iraitz MATEO
GOI MAILAKO KIROLA ETA BURU OSASUNA

Sendatzeko lesiorik zailena: buru osasuna

Buru osasuna eta goi mailako kirola solasaren bidez elkartzea helburu izan zuten asteazken arratsaldean goi mailan ibilitako hiru kirolarik. Hitz egitearen garrantzia nabarmendu zuten, laguntza eskatzearena. Goi mailako kirola ez dela sufrimenduaren sinonimoa adierazi zuten, norberaren esperientzia pertsonalean oinarrituta.

Goi mailako kirolariek Victoria Eugenian egin zuten hitzaldia.
Goi mailako kirolariek Victoria Eugenian egin zuten hitzaldia. (Jon URBE | FOKU)

Kirolean gorputzari jarri izan zaio arreta osoa urteetan, baina ikuspegia aldatzen ari da, eta gero eta arreta gehiago jartzen zaio buruari. Hori hizpide izan zuten asteazken arratsaldean Korner kultura eta futbol festibalaren barnean egindako “(Des)equilibrio en la cima” hitzaldian. Beldurra eta presioa behin baino gehiagotan aipatu zituzten solasaldian, eta baita zer gertatzen zitzaien ez ulertzearen eta aurrera egin beharraren jokabidea ere.

Uxue Otxoa psikologo adituaren galderei erantzuten aritu ziren Aihen Muñoz (Etxauri, 1997), Carla Suarez (Kanaria Handia, 1988) eta Markel Alberdi (Eibar, 1991), beraien historia pertsonalak abiapuntu hartuta, burua eta gorputza lotzeak duen garrantziaren inguruan. Eta batez ere, hitz egitearen ezinbestekotasunaz jardun zuten; izan ere, oraindik laguntza eskatu behar dela ohartarazi zuten, «eta laguntza eskatzeko, gaizki zaudela jakin behar duzu».

Muñoz Realeko futbol jokalaria da, bigarrenez belauneko lesio baten ondorioz geldirik dago, baina belaunak huts egin aurretik buruak huts egin zion. Ez zuen disfrutatzen, beldurra zuen, baina eliteko kirolaria izateko pasatu beharreko «bidesari» bat zela pentsatzen zuen. Imanol Ibarrondok, orduko Realeko coachak horrela ez zela ohartarazi zion arte. Suarez tenislari profesional ohia da. Tenisak ez zuen zoriontsu egiten, eta uzteko erabakia hartu zuen, 2020a azken urtea izango zuela iragarri zuen, baina lehendabizi pandemiak eta ondoren Hodgkin linfomak galarazi zioten azken agurra.

Alberdi, goi mailako igeriketan ibiltzen zen, baina «buruak esan zion gelditzeko», antsietatea, lo egin ezina… Goia jo zuen, urteetako presioa tapatu eta aurrera jarraitzearen ondorioz.

Pertsonalki buru osasuna lantzen hasi ziren arte ez zuten harreman handirik osasun mentalarekin, osasun fisikoak eragiten baitzituen haien eguneroko kezkak. Alberdik argi erantzun zuen: «Niretzat osasun mentala ez zen existitzen». Behin burua landuta, «disfrutatzearen eta sufritzearen arteko oreka» topatu daitekeela kontatu zuen Suarezek. Eta Muñozek gehitu zuen norberaren barne ezagutzarako ere bide interesgarria dela: «Pertsona hobea bihurtu zaitezke zentzu guztietan».

SINTOMAK ETA MINAK

Presioa, hori izaten da goi mailako kirolarien artean gehien sufritu ohi duten sintoma. Bakoitzak modu ezberdinean bizi izan zuen presioa, eta ondorio ezberdinak eragin zizkien. Barne eta kanpo presioak azaldu zituzten batik bat, eta presio horri nola kudeatu giltzarria da Muñozen ustez. «Presioak min handia egin diezazuke, baina zuk nahi duzuna lortzera ere bultza zaitzake», azaldu zuen.

Suarezek berehala heldu zion hari muturrari, eta helburuak ongi zehaztearen garrantzia nabarmendu zuen: «Helburu faltsu bat jartzen baduzu, zure burua zigortzen duzu. Helburu errealak jarri behar dizkiozu zure buruari, bestela etengabe eroriko zara autosabotajeetan eta lortzen ez duzunaren minean».

Alberdik kontatu zuen berak presioa kudeatu beharrean isildu egin zuela, «eta hori ez da emozioak kudeatzea, hori karga bat gehiago jartzea da zure buruari, presio bat gehiago».

Muñozek ere aitortu zuen bere buruari jarritako presioek egin ziotela kalte gehien: «Batetik afizioaren presioa nuen, eta bestetik nik nire buruari jartzen niona. Zaleen zoriontasunaren ardura hartzen nuen nire gain, eta jendea zoriontsu egitea ez da hain erraza. Ez bagenuen irabazten, ez banuen golik sartzen, pentsatzen nuen gure zaleak ez zirela pozik egongo, eta hori ardura handia zen. Gero ikasi nuen gauza txikiak baloratzen eta erronka txikiagoak jartzen, pase on bat egitea, esate baterako».

EZIN HUTS EGIN

Taldeko kirolean edo bakarkakoan arituta, ezberdin kudeatu daitezke presio horiek. Hiru hizlarien iritziz «sintomak oso pertsonalak dira», hala ere. Taldeak partekatzeko aukera ematen dizu, baina aldi berean ardura bat ere bai Muñozen iritziz: «Talde bat duzu eta ezin diozu huts egin». Suarezen ustez, kirol bakoitzaren zaleengan sumatzen da presioa egiteko joera handiagoa edo txikiagoa: «Futbolean adibidez zelaira doan zalea oso adierazkorra da, oso erraz hitz egiten du eta oso erraz txistua joko dizu. Ez dut uste igerileku edo tenis kantxa batean txistuka hasiko direnik».

Horri guztiari hedabide eta sare sozialen presioa gehitu behar zaio. Suarezek ez du sare sozialik erabili izan, eta hedabideen aldetik «maitasun asko» gogoratzen du. Kritikak ere izan zituen, baina azaldu zuen berak ere bazekiela zein partidatan jokatu zuen gaizki, egunkaririk irakurri gabe.

Alberdik aitortu zuen, igeriketari ez zaiola ez hedabideetan ez sare sozialetan gehiegi begiratzen eta, ondorioz, ez ziola bereziki eragiten horrek. Bai ordea Muñozi: «Partidu bakoitzaren ostean, nahiz eta partida ez jokatu, Twitterreko bilatzailean ‘Aihen Muñoz’ idazten nuen. Beti ikusi behar nuen jendeak zer esaten zuen nitaz. Gaizki nengoen eta behar nuen irakurri besteen ustez ere txarra nintzela. Asko eragiten zidan, baina partida oste guztia pasatzen nuen Twitter eguneratzen, zer jartzen zuten ikusteko. Berdin zitzaidan lau anonimoren iritzia bazen ere, jakin behar nuen».

Otxoa moderatzaileak beraien ibilbidean gehien sentitu duten emozioaren inguruan galdetu zien. Modu batera edo bestera hirurek sumatutako sentimendua beldurra zela ondorioztatu zuten. Alberdi: «Nire kasuan hasieran motibazioa zen nagusia. Baina zenbat eta gehiago obsesionatu hobetzearekin, beldurra agertzen joan zen. Hala ere, beldurrik ez nuen ikusi nahi. Ez nekien zer egin beldur horrekin. Beldurrari irabazi nahi nion, baina ez beldur hori kudeatuz, baizik eta tapatuz. Eta hori ez da ona».

Muñozek ezegonkortasuna oroitzen du sentsazio gisa, eta beldurrarekin lotu zuen ondoren: «Beti izango da ezberdina partida bakoitza, hamaika hamaikaren aurka da beti, bai, baina zelaira ateratzen zaren bakoitzean ezberdina da. Ez dakizu zer pasatuko den, eta momentuan aurre egin behar diozu». Aitortu zuen «irabazteko errazak» ziren partidetan pasatzen zuela okerren, orduan jartzen zela urdurien. «Nola ez dut golik sartuko ba? Zer pentsatuko dute nitaz?», pentsatuz blokeatzen zen.

Suarezek oraindik gainditu ez duen arlo baten berri eman zuen: urduritasuna. Horri aurre egiteko taldearekin hitz egitea oso garrantzitsua iruditzen zaio. Alberdik kontatu zuen berak inoizko denborarik onena inporta ez zitzaion lehiaketa batean lortu zuela, urduritasunik ez zuelako.

Deskantsuak eta geratzeak ere beldurra sortzen zien. Izan ere, horrenbeste urte errutina berarekin igaro ostean, aldaketa orok eragiten zien ezegonkortasuna. Eta ezberdina izan zen beraien kasuan fisikoki geratzea eta psikologikoki geratzea. Alberdik aitortu zuen, berak oporrak izan arren burua ez zuela deskonektatzen; Suarezek, aldiz, egiten zuela kontatu zuen.

DESIRAREKIN KONEKTATU

Otxoa psikologoaren ustez, garrantzitsua da goi mailako kirolarien artean, zergatik hasi ziren kirol horretan gogoratzea, beraien barruarekin konektatzea eta tarteka galderak pausatzea: Nola aldatu da maitemindu nintzen kirolarekin dudan harremana? Hasierako gozamena non dago?

Hizlari bakoitzak azaldu zuen berak nola bizi izan duen bizitzan zehar konexio hori. «Niri igeriketa gustatzen zitzaidan, baina batez ere nire burua gainditzea gustatzen zitzaidan, horrek lotu ninduen. Gehiago eta gehiago, eta horrela asko disfrutatu dut, fruituak ere iritsi zitzaizkidan. Baina gehiago eta gehiago horrek muga bat du. Ni exijenteegia nintzen», esan zuen Alberdik.

Muñozek zelaian disfrutatzen du gehien, baina ongi ez zegoenean gorputzak «bizirauteko» alde bati bakarrik begiratzen ziola kontatu zuen: «Ikusten nuen bakarra zen kritikatzen nindutela, entrenatzaileak ez zidala ateratzen…». Lanketa baten ostean, alderdi horiei aurre egiten eta berriz ere «umetako sentipenekin konektatzen» ikasi du.

Suarezek disfrutatzen jarraitzeko erronka txikien garrantzia aipatu zuen: «Ni telebista ikusiz maitemindu nintzen tenisarekin. Goi mailara iristeko ametsa nuen, eta edozertarako prest nintzen ametsa bete zedin. Baina behin lortuz gero, erronka berri txikiak jarri behar dituzu gozatzen jarraitzeko, bestela erori egongo zara edo zure hurrengo helburuak agian handiegiak izango dira».

Sufrimenduak gain hartuz gero, zerbait gaizki dagoela onartu zuten aho batez. Eta, beraz, laguntza eskatzeko proposamena egin zuten: «Eskatu dezagun laguntza, eta batez ere hitz egin dezagun lasai eta zabal buru osasunaz».