Surflari energatua

Norberaren mugak

Surfa kirola ez zenean eta, herritarren begiradetatik urrun, ezkutuan itsasoratzen ginenean, pilota, futbola eta saskibaloia ziren kirol nagusiak. Hiruak egiten nituen, eta, noski, hiruak gaizki, baina haien artean saskibaloia zen gehien maite nuena. Lagunekin alderatuz txikia nintzen, baina moldatzen nintzen hala ere. Urtean behin «mate» txapelketa izaten zen telebistan gaueko ordu txikietan; beraz, iratzargailua jarri eta goizeko lauretan esnatzen ginen NBAko jokalariak hegan egiten ikusteko. Amaitu ondoren, berriz oheratzen ginen eta biharamunean saskibaloian jokatzeko itzelezko gogoarekin iratzartzen ginen. Lagunek ere gauza bera egiten zutenez, saskibaloia modan jartzen zen eta ez genuen beste ezer egiten hurrengo egunetan.

Batzuetan gu baino zaharragoak etortzen ziren gu kantxatik botatzera, baina, zorionez, Zarautzen 1975eko eta 1974ko belaunaldikoak, zaharragoak izan arren, ez ziren borrokazaleak eta sarri kantxan jokatzeko genuen eskubideari eusten genion. Hiru urte edo gehiago zituztenekin beste kontu bat zen, kantxa galtzen genuen eta batzuetan baita ogitartekoa ere, borrokan garaitua denari bere ondasunak kentzen baitzaizkio.

Nire idoloak Muggsy Bogues eta Spud Webb ziren, NBAko jokalari txikienak. Boguesek 1,60 metro neurtzen zuen, NBAn inoiz izan den jokalari txikiena zen eta joko antolatzailea zen, alegia «basea». Jokalari bikaina zen. Agian pibot izan nahiko luke, baina bere mugak inork baino hobeto ezagutzen zituen. Besteek haren altura desabantaila bat zela pentsatzen zuten arren, berak txikia izatea abantaila bat zela nabarmentzen zuen.

Zortzi zentimetro gehiago zituen 1986ko «mate txapelketa» irabazi zuen jokalariak. Spud Webbek 1,68 metro zituen eta hegan egiteko gai zen. Saskia 3 metro eta 5 zentimetroko altuerara zegoen, besoa gorantz luzatzen zuen, gehienez 1,90 metrora, eta ia metro eta erdiko saltoa egiten zuen eskua saskian zintzilikatzeko. Honek ere, agian, pibot izan nahiko luke, baina honek ere bere mugak inork baino hobeto ezagutzen zituen.

Zertara datoz bi jokalari «handi» hauen adibideak? Duela bi aste entrenatzaileek kirolariekin zintzo jokatu behar dutela nioen, alegia, kirolaria bere mugak ikusteko gai ez bada edo ikusi nahi ez baditu, entrenatzaileak ispilu bat jarri beharko diola parean, adibidez, kirolariak gainditu ezin duen proba erraz bat ezarriz.

Kirolariaren eginbeharra da bere mugak ezagutu eta emaitza hoberenak eskuratzeko bere ahalbideen arabera antolatzea. Zentzu horretan adibide bikainak dira Bogues eta Webb, baina kontrako zentzuan ere badira adibideak, eta hori Tahitiko azken txapelketan ikusi ahal izan dugu. Urte luzez neskak ez ziren lehiatzen Tehaupoon, WSL erakundearen iritziz haientzat olatu zailegia zelako. Aurten hirugarren urtez lehiatu dira munduko olatu zailenetako batean, eta itzelezko ikuskizuna eskaini dute. Olatu handietan oraindik badute zer ikasi, noski, baina elkarrekin aurrera egiten ari dira, haien mugak oso ongi ezagutzen baitituzte, beste inork marra gorririk ezarri gabe.