Yasmine KHRIS
Itzultzailea
AZKEN PUNTUA

Al-Jazairreko kronikak

Zutabe hau bukatzeko zailtasunak izan ditut. Konexio arazoak, hain zuzen ere. Aljerian egon naiz azkenaldian familia bisitatzen eta baxoaren proben egunotan, Interneteko konexio (oso-)osoa mozten dute Afrikako herrialderik handienean. «Banana errepublika» dio aitonak, kexuka. «Neurri desproportzionatuak», amonak.

Koberturaren ezean, kalera irten gara: M’hamed Bougara [Askapen Nazionaleko Armadaren koronela] bulebarretik eta Ali Khodja [Askapen Nazionaleko Armadako tenientea] etorbidetik igaro gara.

Bologhine auzora igo gara, Afrikako Andre Mariaren Basilikara arte. “Afrikako Andrea” diote bertakoek. XIX. mendean eraikia izan zen. Nire sorleku Marseillako basilikaren ahizpa bikia omen da. Imajinatu ditut, bata besteari begira, Mediterraneoa zaintzen; bat estatu (sasi-)laikoan, bestea herri musulmanean.

Eta burura etorri zait Guinea Bissauko Amilcar Cabral politikari iraultzailearen esana: «Kristauak Vatikanora joaten dira, musulmanak Mekara eta iraultzaileak Aljerrera». Gaizki deituriko Hirugarren Munduko hiriburu bihurtu zen Aljer, eta 1969an Panafrikar Jaialdia bertan ospatu zen. Zutabea idazteko zailtasunak izan baditut, konexioagatik izan da, besterik ez. Hurren arte, Aljer.