EDITORIALA

Antifaxismoak jarrera aktiboa eskatzen du

Europako Parlamenturako hauteskundeek irakurketa asko utzi dituzte egiteke, baina joera batzuk berretsi dituzte. Nabarmentzekoa da eskuin muturraren indartzea ia herrialde guztietan eman dela. Atal honetan, agian, azpimarragarriena Marine Le Penen Rassamblement National (RN) alderdiak Frantziako Estatuan lortutako garaipena izan da, non botoen herena lortu duen. Emmanuel Macron presidentearen Renaissance bigarren alderdia botoen erdia baino gutxiagora geratu da, eta parte-hartzea ez da handia izan, baina erroldaren erdia gainditu du (% 51,8).

Emaitzak porrot latza dira Macronentzat, hauteskunde-kanpainan inplikatu baita. Igandean bertan parlamentua desegin eta hauteskundeetara deitzea erabaki zuen. Zerbait egin behar zuen, baina ez dago argi bide honek aldaketaren bat ekarriko duen. Eskuin muturrak urteak daramatza eztabaida politikoa markatzen eta bere eremura eramaten. Le Penekin lankidetzan ez aritzeko akordioek ez dute haren eragina geldiarazteko balio izan. Beharbada, mugimendu honekin Macronek hurrengo hauteskunde presidentzialetako Le Penen garaipena egotzi nahi du. Agian, epe motzeko kalkuluak eta keinuen politikak alde batera utzi eta jendeari eragiten dioten politikak berrikusteko unea iritsi da.

Kezkagarria da eskuin muturrak ere irabazi izana Ipar Euskal Herrian, nahiz eta botoen ehuneko txikiagoarekin izan (% 22). Tokiko emaitzak ere ez dira homogeneoak izan. Argi dago herri bakar bat ere ez dagoela faxismoaren erasotik salbu. Garatutako borrokak eta lortutako garaipenek babes bat osatzen dute, baina ez dira ezeren txertoa. Ultraeskuindarrei aurre egiteko, erantzun bat antolatu behar da. Faxismoari herri gisa aurre egin behar zaio, eta horretarako ezinbestekoa da indarrak artikulatzea. Ipar Euskal Herriko indar politikek esperientzia handia dute horretan, eta emaitza nabarmenak lortu dituzte. Beharbada, hauteskundeok utzi duten ikasgairik garrantzitsuena da esparru politikoan hutsuneak oso bihurriak direla, eta horiek betetzeko ezer egiten ez bada, zulo horiek gutxien espero direnek betetzen dituztela. Antifaxismoak herri mailako jarrera aktiboa eskatzen du.