Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA
Entrevista
ARITZ LOPEZ
26/11 sumarioan auzipetutako gaztea

«Gogoan ditut inkomunikazioan elkarri eman genizkion animoak»

2009ko azaroan atxilotu zuen Polizia espainiarrak, 26/11 auziaren testuinguruan. Segiko kide izatea egotzi zioten hasiera batean, eta Soto del Realen (Madril) espetxeratu zuten. Epaiketa amaituta, 2014ko ekainaren 11n absolbitu zuen Auzitegi Nazional espainiarrak, gainontzeko gazte independentistak bezala.

(A.L.)

Etsi gabe eutsi zioten 40 gazteek, haien kontrako epaiketa politikoa zela salatuz, eta espero ez zuten arren, 2014ko ekainaren 11n auzipetutako gazte independentista guztiak absolbitu zituen Auzitegi Nazional espainiarrak, bost urtez luzatu zen prozesuari amaiera emanez. Errugabe izateko, baina, erruz sufritu zuten Segiko kide izateaz akusatutako lagunek eta inkomunikazio egunetan egin zizkieten torturak salatzeko baliatu zuten epaiketa. Aritz Lopez izan zen auzipetutako gazteetako bat, eta oraindik ere gogoan iltzatuta dituen kontuak konpartitu ditu absoluziotik hamar urtera.

Seina urteko kartzela zigorra eskatzen zizuen fiskaltzak. Nola bizi izan zenituen sententzia jakin aurreko egunak? Zer espero zenuten?

Urduritasunez bizi nituen. Oro har, ez genuen espero 40ak absolbitzea. Nahiz eta kontziente izan beste egoera politiko batean ginela, aurreko hamarkadarekin alderatuz behintzat, aurrekariak ez ziren batere onak: hilabete batzuk lehenago, Donostiako eta Oreretako Gazte Independentisten kontrako epaia atera zen eta horietako batzuk atxilotu zituzten. Eta, urrutira joan gabe, gure epaiketa hasi zen egun berean, gazte nafar bat atxilotu zuen Polizia Nazionalak Iruñeko herri harresian, hain justu Segiko kide izatea egotzita. Horregatik, gehiengoak konbentzituta geunden kondenak egongo zirela. Zorionez, tronpatu ginen.

Anekdota gisa kontatuko dut epaiketa amaitu bezperatan auzipetuok kiniela egin genuela, asmatu nahian zenbatek jasoko genuen kondena. Bakarrak asmatu zuen. Uste dut honek balio duela irudikatzeko zeintzuk ziren gure espektatibak.

2014ko ekainaren 11n eman zuen Auzitegi Nazionalak sententzia: absoluzioa 40 gazteentzat, tortura salatzeko deklarazioak aintzat hartuta, gainera. Jakin zenuenean, zer pasatu zen zure burutik?

Lehenengo, izugarrizko lasaitasuna eta poza. Batetik, absolbitu gintuztelako eta, bestetik, nire bizitzako aldi bat amaitutzat jo zitekeelako. Fase bat, emozionalki eta pertsonalki oso ezegonkorra izan zena; oso zaila da bizi proiektu bat garatzea jakin gabe hilabete batzuk beranduago espetxean egongo zaren ala kalean. Bestalde, harridura puntu bat ere izan genuen, esan bezala, ez zelako gure buruan sartzen guztiok absolbituko gintuztela, eta torturaren elementua jaso zelako sententzian. Hori nobedade bat zen, zeren antzeko beste epaiketa batzuetan salatu izan da tortura, baina epaietan ez da islatu.

Fernando Grande-Marlaskak 2009ko urrian agindu duen sarekada izan zen bost urteko prozesuaren abiapuntua. Nola oroitzen duzu atxiloketa?

Egun hori oraindik iltzatuta daukat buruan. Gehienok azaroaren 23ko goizaldean atxilotu gintuzten, Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren operazio bateratu batean. Nire kasuan, Polizia Nazionala izan zen. Goizaldeko 01:40ean sartu ziren nire gurasoen etxean, eta oraindik oso ondo gogoratzen dut nola sartu ziren, oihuak, nire gurasoek haiekin izandako eztabaidak, nire amaren eta arrebaren negarrak atxilotuta etxetik atera nindutenean… Gogoan dut testigu bezala herrikide bat jaitsi zutela eta ezkutuan animo keinuak egin zizkidala, hori oso garrantzitsua izan zen niretzat; Donostiako Gobernu Zibilean pasatutako lehen orduak gogoan ditut, ikusten genuen jendea NANa berritzen, eta gu atxilotuta hortik pasatzen; Donostiako epaitegiko bi forentseen zirkunstantzia aurpegiak; Madrilerako bidaia eta Madrilen pasatutako lehen orduak. Oso ondo gogoratzen dut pasatutakoa eta momentu horietan sentitu nuena.

Gazteetako askok torturak jasan zituzten. Kontatu nahi duzu nola bizi izan zenituen inkomunikazio egunak?

Oso gogorra izan zen. Ni bost egun izan ninduten inkomunikatuta eta egun horietan kolpeak, jarrera behartuak, umiliazioak eta mehatxuak jasan nituen, nire kontra, nire bikotearen kontra, gurasoen kontra… Etengabe. Oso ondo gogoratzen dut, gainera, nola entzuten nituen kalabozotik torturatuak izaten ari ziren beste gazteen oihuak, nola estaltzen nintzen manta batekin momentu horietan, hortik ihes egin nahian. Gogoan dut zer sentitzen nuen, zer beldurra pasilloan pausoak entzuten nituenean. Erregutzen nuen ez zezatela kalabozoko atea ireki.

Baina badaukat beste oroitzapen bat, oso ona: horrenbeste atxilotu ginen, ezen ni nengoen pasilloan sarekada berdineko beste zenbait gazte baitzeuden, horietako batzuk ezagutzen nituen, eta, ostras… Gogoan ditut egun horietan elkarri kalabozotik kalabozora oihuka eman genizkion animoak, sentitutako kidetasuna. Horrek asko lagundu ninduen bost eguneko epe hori gainditzeko.

Epaiak auzitan jarri zuen Grande-Marlaskaren prozedura, esanez ez zuela neurririk hartu tratu txarrak saihesteko. Orain ministro gisa ikusteak zer gorputzaldi uzten dizu?

Gorputz onik ez. Esango nuke, gainera, ezkerreko independentismotik babestu den gobernu batean egonda, arantzatxo hori uzten didala. Baina kontuan izan behar da, azken finean, Grande-Marlaska tortura posible egin zuen makineria handi baten pieza bat gehiago dela. Zentzu horretan, fokua soilik bere gainean jartzea ez zait ariketa zintzoa iruditzen. Pentsatzen dut gutako bakoitzak pertsonalki sentitu dezakeenaz harago, edo izan dezakegun minaz harago, mahai gainean jarri behar direla azkenengo sei urteetan euskal gatazkari lotuta zenbait eremutan egin diren urratsak, baita datozen urteei begira urrats gehiago egiteko dauden aurreikuspenak ere.

Hala eta guztiz ere, aurreko guztiak ez du kentzen Grande-Marlaskari eta torturaren aferan ardurak izan dituzten gainontzekoei eskatu behar zaiela eragin zuten mina aitortu dezatela, ezker abertzaleak egin izan duen moduan. Horrek ziur aski ez ditu zauriak sendatuko, baina aurrerapauso garrantzitsu bat izan daiteke tortura izan den hori azaleratzeko, bizikidetzan urratsak egiteko eta tortura jasan dugunok aitortza eskuratzeko.

40 gazte independentisten epaiketaren garai bertsuan izan ziren herriko tabernen administrarien kontrako epaiketak, Bateragune auzia eta beste epaiketa politiko batzuk; dena ETArik gabeko testuinguru berri batean. Zure iritziz, zein zen Justizia espainiarraren helburua prozesu hauekin guztiekin? Beldurra eragitea? Ezker abertzalearen jardun politikoa itotzea?

Esango nuke momentu oro helburu ezberdinak izan zituztela. Epaiketa horiek guztiak iritsi aurretik izan ziren operazio polizial gehienak antzeko garaietan izan ziren, 2008, 2009, 2010 urteetan. Esango nuke garai horietan egin ziren operazioekin ezker abertzalea garatzen ari zen estrategia aldaketa baldintzatzen saiatu zirela. Modu desberdinetan; kohesioan eraginez, zatiketa eragin nahian, eta abar. Horren adibiderik garbiena, nire ustez, Bateragune auziaren barruan egindako operazioa da, gurea baino hilabete bat lehenago egin zutena.

Gero, 2013, 2014, 2015 urteetan, Euskal Herria beste testuinguru politiko batean zegoen, ETAk 2011n behin betiko su etena iragarri zuelako. Esango nuke momentu horretan ezker abertzalea bainoago, oro har, ezkerreko independentismoa zutela jopuntuan. Gipuzkoan, Donostian eta beste herri askotan, dagoeneko Bildu zegoen gobernuan, pixkanaka egonkortzen eta zabaltzen ari zen ezker independentismoa, eta zabalkunde hori geldiarazten saiatu ziren. Bestetik, Aieteko Bake Konferentzian bide-orri bat diseinatu zen gatazkaren konponbiderako, urrats batzuk markatu ziren, eta epaiketa hauekin guztiekin, nahiz gerora etorri ziren operazioekin, bilatu zuten bide-orri hori etetea. Orain, hamar urteko perspektibarekin, esango nuke ez dutela lortu bilatzen zuten hori.

Pentsatu zenuten momenturen batean zuen absoluzioak Justizia espainiarrean norabide aldaketa bat hauspotu zezakeela?

Gure epaiketan planteatu genuen dinamikarekin hori bilatzen genuen. Hau da, batetik, Euskal Herrian zabaltzen ari zen egoera berriari ekarpena egitea eta, bestetik, aldarrikatzea Justizia espainiarrak fase berrira egokitu behar zuela. Perspektibarekin begiratuta, eman dezake baietz, lortu genuela. Baina egia da momentuan ez genuela horren argi hori lortzen ari ginenik.

Guk egoerari ekarpena egin nahi genion, baina nire ustez, zalantzarik gabe egoerak berak gure epaiketari mesede egin zion. Ezin da ulertu 40 pertsonen absoluzioa momentu horretan Euskal Herrian bizitzen ari ginen egoera politikorik gabe.

Atxiloketa, tratu txarrak, espetxealdia eta epaiketa. Utzi dizu ondoriorik 2009tik 2014ra bizitako guztiak?

Halabeharrez, eragin bat izan du nigan. Positiboa eta negatiboa, bi aldeak begiratzen saiatzen naiz. Adibide bat jarriko dut: justu atxilotu bezperan, lana egiten nuen enpresan esan zidaten kontratua luzatuko zidatela. Ordu batzuk beranduago atxilotu ninduten eta, noski, lan hori galdu nuen. Jakin ezazu ez baninduten atxilotu nolakoa izango zen nire bizitza ordutik hona!

Atxilotu berritan, gogoan dut Soton [Soto Del Real espetxean] kide batek esandakoa: berak ez zuela momentu horretara, hau da, espetxera, eraman zuen ezer aldatuko. Askotan eman dizkiot bueltak esan zuen horri eta atrebituko nintzateke esatera nire kasuan ere berdin dela. Ez nuke ezer aldatuko; hobe bost urte horiek inoiz ez errepikatzea, baina, azken finean, gaur naizena naiz bizitako guztiari esker.

Bost urte horietan, nola bizi izan zenuen jasotako elkartasun uholdea?

Izugarria izan zen, atxilotu gintuzten momentutik absoluziora bitarteko denboran. Euskal Herri mailan, baina baita Euskal Herritik kanpo ere, jende asko busti zen gure alde. Esango nuke jaso genuen babes hori giltzarria izan zela prozesua aurrera eramateko.

Espetxearen mehatxua izanik ere, epaiketa politikoa zela eta borrokarako grinarekin jarraituko zenutela defendatu zenuten une oro.

Epaiketan zehar ariketa polit bat egin genuela iruditzen zait. Ez zen erraza izan ikuspegi ezberdinak uztartzea, 40 lagun baikinen, bakoitza bere ikuspegi eta beharrekin. Bazegoen talde bat planteatzen zuena defentsa judizial huts bat egitea edo horretan zentratzea, eta beste bat planteatzen zuena defentsa politikoa egitea eta epaiketa salaketa politikorako baliatzea. Bi jarrerak, gainera, zilegiak ziren. Polita izan zen, zeren lortu genuen adostasun bat guztion artean. Hiru ardatzetan eraiki genuen adostasun hori: defentsa judiziala egitea, baina torturaren salaketa ere bai, eta, gainera, egoerari gure ekarpena egiten saiatzea. Zentzu horretan, azpimarratuko nuke epaiketaren azken egunean egin genuen alegatua, nire ustez oso ondo laburtzen duelako zein izan zen gure planteamendua. Alegatu politiko bat izan zen eta, zoritxarrez, oraindik ere gaurkotasun handia dauka.