GARA Euskal Herriko egunkaria

Zinegoak, queer utopien aldeko borroken aniztasunaren isla

«Queertopiak» definizioa sortu du Bilboko Zinegoak jaialdiak aurten, ekainaren 24tik uztailaren 1era burutuko den 21. edizioa izendatzeko. Munduan zehar utopia desberdinak garatzeko burutzen ari diren borrokak islatuko baitira hitzordu honen programazioan.

Zinegoak jaialdia prestatzen duen taldea. (ZINEGOAK)

«Bi hamarkada hauetan nabaritu dugu bakoitzak bere onarpen propioa edo barneratzeko zuen zailtasunari buruzko filmak programatzetik borroka kolektiboaren konplexutasunari buruz hitz egiten duten filmak programatzera pasatu garela. Filmek erakusten baitute erresistentzia-espazioak daudela munduan; eta ez dugu egoera idealizatu nahi, baina egia da, egoera txarrak eta, traba guztien gainetik, munduan badaudela “queertopia” horiek modu kolektiboan sortzen dituztenak. Eta guk, jaialdiarekin, erreferente hauek eskaintzen ditugu», aipatu zuen atzo Alaitz Arenzanak, Zinegoak jaialdiko zuzendariak, jaialdiaren egitarauaren aurkezpenean.

Beraz, “Queertopiak” hauek, aurten lehenengo aldiz egingo den ziklo berri bati izena emateaz aparte, hitzordu honen filosofia islatzen dute, Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdia, funtsean, kultura eta sexu aniztasunaren erreibindikazioa egiteko sortu baitzen duela bi hamarkada.

50 proiekzio eta jarduera, 15 film luze sail ofizialeko kategoria desberdinetan, bi ziklo berri film laburren sailean -Queertopiak eta Sexilioak- eta hamaika ekitaldi -arte eszenikoak, solasaldiak, jardunaldi profesionalak, jaiak...- antolatu dituzte aurtengo ediziorako. Programazioa Bilboko areto desberdinetan gauzatuko da; besteak beste, Bilborock, Alondegiko Goleme zinemetan, BilbaoArte, Bira, Sarean, Arriaga antzokia edo Guggenheim museoan.

Inaugurazio ekitaldia ekainaren 24an izango da Arriagan, eta bertan Clarisa Navas zinemagile argentinarrak aurtengo Ohorezko saria jasoko du. Film luzeen sail ofizialari dagokionez, ohiko hiru sailetan nazioarteko hainbat herrialdetatik jasotako filmak daude: Nigeria, Mexiko, Txina, AEB, Grezia edota Alemaniatik iritsitako lanak daude. «Brasilgo eremu zapalduenetako bateko saskibaloi-talde queer baten bizipenak (Lillah Halle zinemagilearen “Levante”), Lesbos uhartean 1980ko hamarkadan sorturiko lesbiana-komunitatearen historia (Tzeli Hadjidimtriou greziarraren “Lesvia”), Suitzan asilo politikoa lortzeko prozesuetan egiten diren galdeketak (‘The Hearing’), sexu-grinaren areagotzea eta polimaitasuna (‘Vera y el placer de otros’) edo LGTBfobiaren salaketa eta haren aurka borrokatzeko ahalduntzea (“Mavi Kimlin” turkiarra)», aipatu zituen Arenzanak.

Aipagarriak dira Babatunde Apalowo zuzendari nigeriarraren “All the Colours of the World Are Between Black and White” -genero bereko pertsonen arteko harremanak tabutzat hartzen dituen gizarte bateko istorioa- edo film txinatarren presentzia ere. Esaterako, Ben Millinkosson zinemagileak Txina eta AEBen arteko ekoizpen bat ekarriko du: “The Last Year of Darkness”, Txinako Funky Town izeneko klub txiki bati buruzko filma da. Festarako elkargune bat da eta gazte dj-ak, artista drag-ak, ravezaleak eta skatezaleak biltzen dira han.