GARA
ZARATAMO

Zaratamo, Arrankudiaga-Zollo eta Zeberioko alkateak, Lehen Arretarekin kezkatuta

Euren herrietako kontsultategietan bizi duten egoeratik abiatuta, Lehen Arretako osasun zerbitzuaren desegitearen aurrean kezka adierazi zuten atzo Zaratamo, Zeberio eta Arrankudiaga-Zolloko alkateek. Azken herri honetako Txutxi Ariznabarretak azaldu zuenez, urteotan hainbat abagune erabili izan dira Lehen Arretako eta familia osasun zerbitzua murrizteko «aitzakia» gisa eta, ondoren, «egoera murriztu hori normaltzat jotzeko».

Herriko kontsultategian bizi dutena jarri zuen adibide gisa: «Lanegunen erdietan kontsultategia itxita egoten da eta herritarrak Ugaoko anbulatoriora edo larrialdi zerbitzuetara joatera behartuta daude». Osakidetzak, gainera, egoera hori «normaltzat» onartzera behartu nahi dituela gaitzetsi zuen. «Horri gehitzen badiogu mediku eta erizainek duten lan karga izugarria, zitak hartzeko dauden arazoak eta gero eta epe luzeagoak, egoera jasanezina da», salatu zuen.

Bere ustez, atzean Lehen Arretako osasun zerbitzuak «desegiteko asmoa» dago, eta herri txikietako zentro horiek «behin betiko ixteko bidea» egiten ari ez ote diren «beldur» da.

Ildo beretik hitz egin zuen Zeberioko alkate Ekain Gotik ere. Azaldu zuenez, 2024ko lehen hiruhilekoan 13 egunez egon dira medikurik gabe, eta landa eremuko herritarrei kalitatezko arreta bermatuko dien osasun zerbitzua exijitu zuen.

Zaratamoko alkate Alberto Ugarrizak ere antzerako datuak eman zituen eta ohartarazi zuen Lehen Arretako zerbitzuaren desegitea «estrukturala» dela, ez soilik uda garaiari lotutakoa.