GARA Euskal Herriko egunkaria

Negoziazioa eskatu dute itunpeko ikastetxe nafarretako langileek

Nafarroako itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako langileek manifestazioa egin zuten atzo Iruñean, Nafarroako Hezkuntza Sailari galdegiteko bildu dadila langileen ordezkariekin akordio berriaren gaineko negoziazioak abiatu ahal izateko.

Itunpeko langileek atzo egin zuten mobilizazioaren une bat. (IÑIGO URIZ | FOKU)

Manifestazioa egin zuten atzo Nafarroako itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako langileek Iruñean, Nafarroako Hezkuntza Sailari akordio berria adosteko negoziazioa abiatu dezala eskatzeko, «benetako negoziazio eraginkorra lortzeko».

SEPNA-FSIE, UGT, LAB eta ELA sindikatuek deitu zuten atzoko manifestaziora, eta salatu zuten, Nafarroako hezkuntza-ituna duten ikastetxeetako langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa iraungitzear dagoen honetan, «aurrerapausorik eman gabe» jarraitzen dutela akordioa berritzeko beharrezko negoziazioan.

Maiatzaren 24an abiatu zituzten mobilizazioak, elkarretaratze batekin, eta ondoren, egunero egin dituzte elkarretaratzeak Nafarroako Hezkuntza Sailaren eta patronalen aurrean, baita ikastetxeen atarietan ere, asteazken eta ostegunetan. «Nazkatuta» daudela argi utzi nahi izan zuten langileek.

«Akordioa hobetzeko aurrekonturik gabe eta benetako negoziazio esparrurik gabe» daudela salatu zuten, «nahiz eta sektoreko patronalekin banan-banan bildu» diren. Halaber, jakitera eman zuten saiatu direla Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariarekin eta Maria Chivite Nafarroako lehendakariarekin ere biltzen, baina ez dituztela langileak hartu nahi izan.

Atzoko mobilizazioan «langileen lana duintzeko hobekuntzak» aldarrikatzen jarraitzeko asmo argia agertu zuten sindikatuek.

Izan ere, azaldu zuten hitzarmena berritze ezak lana mantentzeko akordioa blokeatzea dakarrela. Lana mantentzeko akordioak posible egingo luke lanik gabe geratzen diren langileek beste zentro itundu batean lanpostua lortzea.

«Atsekabea» agertu zuten manifestazioan, «Patronalek eta Administrazioak Nafarroako ikastetxe itunduetako eta ikastoletako langileen baldintzak hobetzeko duten immobilismoagatik eta borondaterik ezagatik».

Adierazi zuten Hezkuntza Sailaren, patronalaren eta ordezkari sindikalen arteko negoziazio eraginkorra dutela helburu. Halaber, xedea lortzea posible ez balitz, negoziazioa Hezkuntza Sailaren eta langileen ordezkarien artekoa izan dadin nahiko lukete.

Era berean, ziurtatu zuten, aurrerapausorik gertatu ezean, «ekintza sendoagoekin» mobilizatzen jarraituko dutela.