GARA Euskal Herriko egunkaria

‘‘Rifqa’’ liburua euskarara itzuli du Eider Beobidek

Eider Beobide itzultzailea eta Hedoi Etxarte idazle eta Katakrakeko editorea izan dira gaur goizean Donostiako Liburutegiko Mandasko Dukearen aretoan, Mohammed el-Kurd idazle eta kazetari palestinarraren ‘Rifqa’ liburuaren euskarako itzulpena aurkezten.

Eider Beobide, ‘Rifqa’ liburua eskuetan duela. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘‘Riqfa’’ liburua palestinar idazle eta kazetari den Mohammed el-Kurd-ek idatzi du. Honen euskararako itzulpena Maider Beobide Urkizarrek egin du. «Nire lehen itzulpen lana izan da, beraz, erronka handia izan da niretzat lan hau egitea», aipatu du. Hedoi Etxartek, Katakrakeko ordezkariak esan duenez, «lan honek espero ez genituen erronkak jarri dizkigu aurrean, izan ere, Katakrak editorialarentzat ere ‘Girgileria’ bildumarekin batera, aurreneko itzulpena izan da».

Liburuaren egilea, Mohammed el-Kurd, 1998an jaio zen palestinar idazle eta kazetaria da. Bere ikasketak Savannah College of Art and Design-en egin zituen eta idazketan lizentziatu zen. 2021eko Israel-Palestina krisiaren aurretik, AEBetan poesiari buruzko masterra egiten hasi zen, baina Israelek Jerusalem Ekialdeko etxeetatik palestinarrak kaleratzeagatik protesta egitera itzuli zen.

Honen izenburua aukeratzerako orduan ez zitzaion ezer bururatzen el-Kurd-i, baina, poesia guztiak mahai gainean jartzean oroitu zen guztiek gai bat zutela amankomunean: bere amona, Rifqa. Beraz, hortik sortu zen liburuaren izenburua. Honetaz, Beobidek esan du Mohammedentzat bere amona oso berezia izan zela, lotura estua zuela berarekin eta pisu handia izan zuela bere bizitzan. «Oso pertsona garrantzitsua izan zen beretzat, eta ez da harritzekoa, izan ere bere amona palestinar ikono garrantzitsu bat izan zen, protesta askotan egon baitzen».

Izaera zorrotzarekin el-Kurdek israeldar kolonialismoaren aberekeria azalean lagatzen du. Bere poemek Rifqaren erbestealdiak azaltzen ditu, Haifatik berriki desjabetutako Sheikh Jarrahra, Jerusalemen, Nakbaren izu zikliko eta gupidagabea agerian utziz.

Edukiaren aldetik Beobidek aipatu du hizkerari dagokionez ez duela zaila erabiltzen ezta lexiko zaila ere, «osotasunean oso erraz irakurtzeko eta oso ondo ulertzeko liburu bat da». Itzultzailearen iritziz, «aipatzekoa da poesia badagoela baina gehienbat prosaz idazten duela, oso zuzenean kontatzen ditu gauzak eta gordinkeriaz asko mintzatzen da liburuan zehar».

Aurkezpenari amaiera emanez, Beobidek borobildu du esanez «gai asko ukitzen dituen liburu bat da, baina idazlea genozidioan bzitako plestindarra izanik, ezinezkoa du horri buruz ez idaztea». Horrekin liburuko adibide den zati bat azaldu du, «el-Kurdik transmitititzen duen Palestinako genozidioaren adibide bat liburuan aipatzen duena da, nola Gazako ondartzan ume batzuk futbolean jolasten zeudela hil egin zituzten. Horrekin gogorarazten digu, genozidio hau ez dela urriatik datorren gauza bat baizik eta urte asko daraman gatazka bat».