IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Arte eszenikoen sektoreari «begirada poliedrikoa», Hikaren dokumentalean

Hika Teatroak 35 urte betetzen ditu aurten. Hori dela eta, proiektu handiago baten barruan, dokumental bat egin du: «35 urte eszenara begira». Gaur arratsaldean aurkeztuko dute ikus-entzunezkoa Donostiako Antzoki Zaharrean 19.00etan, eta ondoren solasaldia egingo dute pantailan agertzen diren protagonistekin. Urteurrena aitzakiatzat hartu dute, eta, konpainiaren ibilbidea errepasatu ordez, egungo erronkei begira jarri dira.

Gaur arratsaldean estreinatuko da Hika teatroak sortutako dokumentala.
Gaur arratsaldean estreinatuko da Hika teatroak sortutako dokumentala. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Lehen aldiz nire buruari zerbait ospatzeko baimena eman diot. Merezi du geratu eta ospatzeak», aitortu zuen Agurtzane Intxaurraga Hika Teatroaren eta estreinatuko duten dokumentalaren zuzendariak. Izan ere, gaur Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztuko dute “35 urte eszenara begira” dokumentala, konpainiaren 35. urteurrena aitzakiatzat hartuta.

Intxaurragak argitu zuen dokumentala ez dela Hika Teatroaren ibilbidearen errepaso bat, hori «aitzakia bezala» hartu dutela sektoreari begiratzeko, «begirada poliedrikoa» eratuz. Zenbait hausnarketa egin dituzte, 35. urteurrenaren harira. «Hikaren modernizazioa eta digitalizazioa lantzen ari gara, eta dokumentala lan handiago baten parte da», adierazi zuen zuzendariak. Ikus-entzunezkoarekin batera, ikusleekin interakzioa bultzatuko duen App-a eta plataforma ere sortuko dituzte; ‘Txalometroa’ izena aurreratu zuten prentsaurrekoan.

Oskia Yaben Kultur Atelierreko zuzendaria ere bertan izan zen, eta emaitzarekin zein prozesuarekin oso gustura geratu direla esan zuen: «Beti korrika gabiltza. Momentu polita izan da geratu eta diagnosia egiteko». Dokumentalak etorkizunari begiratzen diola azaldu zuen, eta orain arte Hika Teatroan lan egin duten osagaiekin jardun dutela oraingoan ere zehaztu zuen: hizkuntza eta kulturarekiko errespetua, emakumeak lehen lerroan, elkarlana eta anbizioa.

Norka Chiapusso Donostiako Kulturako Dantza eta Antzerki zuzendariak zoriondu egin zituen Hikako kideak: «35 urte betetzea oso zaila da, eta osasun onean bete dituzue. Ospatu ere modu irudimentsuan egin duzue, sormenaren bidez eta etorkizunari begira».

BELAUNALDIARTEKOTASUNA

«Gogoeta egin nahi nuen jende gaztearekin», nabarmendu zuen Intxaurragak. Eta dokumentalean gogoeta bi geruzatan banatu dutela azaldu zuen atzokoan. Alde batetik, Intxaurragaren beraren, Amancay Gaztañagaren eta Oihana Legorbururen arteko elkarrizketa dago; eta, bestetik, arte eszenikoen begirada propioa egiten duten zortzi elkarrizketa. Tartean, azken 35 urteetan esanguratsuak izan diren antzerkien bideoak sartu dituzte. Zuzendariak aitortu zuen ez dituztela nahi zituzten guztiak lortu, baina pozik daude asko berreskuratzea lortu dutelako.

Hasieratik oso garrantzitsua zen Intxaurragarentzat belaunaldi berriekin elkarrizketa, eta horregatik aukeratu zituen Gaztañaga eta Legorburu beraien ikuspegiak jasotzeko. «Hiru belaunaldi elkartu nahi nituen: ni helduena, erdikoa Amancay eta Oihana gazteena. Duela 35 urte zenbat urte zituzten galdetzen diet, eta Amancayk erantzun zidan berak zortzi urte zituela eta Oihanak, berriz, minus bi», eta ondorioz, hiru ikuspegiak barnebildu ditu. «Oso garrantzitsua da belaunaldi berriei ahotsa ematea eta entzutea», ohartarazi zuen.

Dokumentalean sakontzen diren bi ideia nagusi aipatu zituen zuzendariak aurkezpenean. Batetik, «teknologia berrien eta mundu birtualeko paradigman arte eszenikoak non kokatu hausnartzen da. Gure indarra presentzialtasunean dago, emozioak sortzen ditugu, eta gizakiak ezin du emoziorik gabe bizi. Arte eszenikoek hori eskaintzen dute, zu eta ni aurrez aurre jartzea», azaldu zuen Intxaurragak. Eta bigarrenik, arte eszenikoek zerbitzu publiko bat eskaintzen dutela azpimarratu zuen, «beraz, modu publikoan landu beha litzateke. Hala ere, oso zaila dago, gobernuen politikak ez doaz kultura lehen mailan jartzeko norabidean».