Eneko BARBERENA
Idazlea
JOPUNTUA

Maul

Gomendatu nahi nizueke Cristina Rivera Garzaren “Había mucha neblina o humo o no sé qué” obra, bertan Juan Rulforen askotariko ofizioek bere literaturan eta obra bisualean edukitako eragina aztertzen baita. Hala, Ricardo Pigliak bazioen literaturaren historia orok behar lukeela soziala izan, ezin ulertu Rulforen beharrak aintzat hartu gabe “El llano en llamas” edota “Pedro Páramo”. Idazle mexikarra izan baitzen migrazio agente, hau da, legez kanpoko migranteen ehiztaria −bere hitzetan erdipurdiko−, Goodrich-Euzkadi pneumatiko konpainiako saltzaile-bidaiari edota alemanismo gisa deituriko mugimendu garapenzalearen emaitzetako bat zen Papaloapan batzorderako aholkulari eta ikertzailea. Bere izapideek ekarri zuten, adibidez, Soyaltepec bailaratik indarrez kanporatzea jatorrizko herri txinanteko eta mazantekoak, urtegi bat eraikitzeko. Hau bultzatzen ari zelarik, tokiko ustezko miseria arintzea aitzakia hartuta, ustezko diot Rivera Garzak eztabaidagarritzat jotzen duelako begirada hau, besteak beste Rulfo eta enparauek ez zituztelako txostenetan jaso aberastasun komunitarioaren hainbat aspektu, makina bat bidexka ibili, jende ezagutu eta argazki egin zituen egileak.

Maite dut Rulfo eta ez da hau epaiketa. Gizona egunez izan arren aurrerabidearen agentea eta gauez antropologia editorea Instituto Nacional Indigenistarentzat. Mundua konplexua da, eta bizirik irautea zaila. Ugariak dira egile baten obra josten duten hari finak eta begiradaren osotasunaren aintzatespen hori da, ez besterik, irakurle gisa aldarrikatu nahi dudana.

Aipatu liburua mesanotxean dudala, leitu diot Donostiako musikari bati, Txikiren seme eta Dorisen iloba den horri, honako esaldia elkarrizketa baten titularrean: «ETAren aurkako bakezaletasun aktiboak batu gintuen, musika ondoren iritsi zen». Zergatik iruditzen ote zait hanpatua dioena, artifizio hutsa. Zein harirekin lotu behar ote dira elkarrizketa horretan esan eta, batez ere, esaten ez direnak. Esku irinez zurituaren zurikeria ote den guztia, ez besterik.