Iker LAGRENADE
ERRUGBIA

Egonkortasuna eta lehiakortasuna ardatz, atal berria ireki da Biarritzen

Errugbia arautzen duen agintaritzak argi berdea eman die Lapurdiko klubeko erosle berriei, Pro D2 mailan mantentzeko. Erronka berriei aurre egiteko helburuak argi zehaztu ditu: finantza egonkortasuna berreskuratzea eta zelaian lehiakorra izatea.

Biarrizko prentsaurrekoan, Shaun Hegarty, Maider Arosteguy eta Arnaud Duboisekin, besteak beste.
Biarrizko prentsaurrekoan, Shaun Hegarty, Maider Arosteguy eta Arnaud Duboisekin, besteak beste. (Patxi BELTZAIZ)

Biarritz Olympiqueko presidente berria, Shaun Hegarty, irribarretsu iritsi da asteazken honetan kazetarien aurrera Aguilera estadioan. Haren poza ulergarria da: Errugbia Arautzeko Agintaritzako (A2R) diziplina batzordeak argi berdea eman du talde lapurtarrak Pro D2an jarrai dezan, bezperan iragarritako erabakia. «Lasaigarria da, bi hilabeteko lan gogorraren ondoren», adierazi du klubeko jokalari ohiak, eta hala jaso du Mediabaskek. Hiriko alkate Maider Arosteguy ere pozik agertu da, esanez «udal talde osoarentzat harrotasun kolektiboa dela. Biarrizko erakargarritasunaren parte da errugbia».

Biarritz Olympiquek Pro D2ko kirol postua salbatu zuen eta Errugbia Arautzeko Agintaritzak aurreko astean entzun zuen. Parisen izan ziren Aldige-Gave bikotearen zuzendaritzaren osteko trantsizioko funtsezko hainbat eragile: Shaun Hegarty, Arnaud Dubois, eskuratze-espedientearen egile nagusietako bat, eta Pierre-Edouard Sterinen aktiboak kudeatzen dituen Otium Capital inbertsio-sozietatearen ordezkariak.

Maider Arosteguyk ere parte hartu zuen. «Ohore handia da Biarritz Olympiqueren ondoan egotea», adierazi zuen Pierre-Edouard Sterinek prentsa ohar batean. «Proiektu honetan, Pierre Fraidenraichekin, elkarrekin lan egingo dugu arrakastara itzultzeko eta kluba ikuspegi estrategikoarekin eta inbertsio gogoetatsuarekin estatu mailan eta nazioartean sustatzeko», gaineratu zuen.

BEDERATZI MILIOI EUROKO AURREKONTUA

Erronka handia zeukaten Parisko bilera hartan: 2023-2024 denboraldiaren amaierako finantzaketari buruzko proba zehatzak aurkeztea, bereziki milioi bat euroko defizita estaltzeko, bai eta hurrengo hiru denboraldietarako bermeak ematea ere. Egindako ahaleginek argi eta garbi konbentzitu dute agintaritza arautzailea.

Errugbia Arautzeko Agintaritzaren babesak bost aldiz Ligako txapelduna izan den talde lapurtarrarentzat kapitulu berri baten hasiera markatu du. Orain lehentasuna finantza oreka egonkorra berreskuratzea da. Datorren denboraldirako klubaren aurrekontua 9 milioi eurokoa izango da, eta kopuru hori hiru urtez mantendu daiteke. «Ez dugu gastatu nahi ez dugun dirurik», ziurtatu zuen Arnaud Dubois zuzendari nagusiak. Shaun Hegartyk gaineratu duenez, «hiru urte emango ditugu kluba garbitzen».

GAZTEAK PRESTATZEA ETA KONTSERBATZEA

Nabarmendu zutenez, kirol mailan argia da helburua: «Pro D2an lehiakorrak izatea». Elkarteak gaztetasuna du ardatz, eta prestakuntza zentro bat sortzeko asmoa du. «Ez naiz higiezinen sustatzailea. Udalarekin pentsatuko dugu Aguilerako goi-lautada azpiegituraz hornitzeko», adierazi zuen Pierre Fraidenraichek, Sterinen bazkideak, xehetasun gehiago eman gabe. «Azpiegitura hor dagoenean, hurrengo mailan pentsatu ahal izango dugu», adierazi zuen presidente berriak.

James Coughlan, kirol zuzendari berria, baikor agertu zen klubaren asmoen inguruan: «Gure aurrekontuarekin oso ondo lan egin dezakegu, gazteak prestatuz eta klubean mantenduz». Piula Faasalele fitxatu dute Stade Toulousain taldetik, eta Stade Français-eko kide ohi Boris Bouhraoua zuzendari nagusiaren inguruan berritu dute taldea.



Euskarians, Suitzaren aurka, gaur

Euskariansek (errugbiko Euskal Selekzioak) Suitzako selekzioaren aurka jokatuko du gaur, 17.30ean, Donibane Lohizuneko Pavillon Bleu estadioan. Joan den azaroan Belgikaren aurka galdu ondoren (21-12), euskaldunak prest daude munduko sailkapenean 26. postuan dagoen nazioari aurre egiteko.

Denboraldia amaitu berri, jokalari asko fisikoki akituta daude eta ez daude erritmo gorenean. Horrela, 27 jokalariz osatutako zerrenda zabal bat osatu da (ohiko 23ren ordez), errotazio handiagoa ahalbidetzeko. Anthony Biscay eta David Irazoqui Angeluko taldeko (AORC) teknikariek zuzenduko dute Euskarians. Beren taldeko bederatzi jokalari deitu dituzte. Aviron Bayonnaiseko beste zortzi daude deialdian, Ordiziako hiru, Nafarroako bi eta Biarritz eta Bera Berako bana. GARA