GARA Euskal Herriko egunkaria

Lasterbideanen azken edizioa Abadiñon, «asko sufritu dugun aro baten» itxierarekin

Abadiñok Lasterbidean euskal preso eta iheslariei elkartasuna adierazteko ekimenaren hamargarren eta azken edizioa hartu zuen atzo. «Sufrimenduz betetako» 30 urte baino gehiagori agur esanez eta «asko sufritu dugun aro bat ixten delako» pozik, dinamika berri bati bidea ireki zioten, «azkena aske geratu arte» lanean jarraitzeko.

Lasterbidean ekimenaren azken edizioak senideak eta lagunak ere gogoan izan zituen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Atzo izan zen Lasterbidean euskal preso eta iheslariei elkartasuna adierazteko ekimenaren hamargarren edizioa, Abadiñon. Hamargarrena eta azkena, baina pozez agurtu zutena, «asko sufritu dugun aro bat ixten dela esan nahi duelako».

2023ko martxoan bost euskal presoren Euskal Herriratzea iragarri zen eta, horrekin, 1989an hasi zen dispertsioa eta urruntzea amaitutzat eman zen.

Abadiñoko Txanporta plazan amaitu zen lasterketa eguerdian, eta, eguraldia lagun sortu zen jai giroan sari banaketa eta amaierako ekitaldia egin zituzten, bazkaltzera joan aurretik. Euskal preso eta iheslariak eta haien senideak omentzea helburu izan duen ekimena izan dela gogoraraziz hasi ziren.

Duela hamar urte baino gehiago sortutako ekimen honetan «parte hartu dugunok gure aletxoa jarri dugu euskal preso eta iheslari politikoei elkartasuna adierazteko», nabarmendu zuten beteta zegoen herriko plazan. Hemendik aurrera ere «elkartasuna adierazten jarraituz eta lanean ekinez segurtasun osoa daukagu etxeratzea lortuko dugula», erantsi zuten.

Ikuskizun baten ostean, Oier Egidazuren, Dolores Lopezen, Gorka Palaciosen, Itziar Alberdiren, Endika Garateren, Guillermo Merinoren, Iñaki Retaren, Gorka Lupiañezen, Josu Narvaezen, Jurdan Martitegiren eta Gregorio Vicarioren senide eta lagunei omenaldia egin zieten eta oroigarri bat eman zieten, oholtzaren azpian zeuden guztiak txaloka zituztela.

Etxerat elkartearen eta euskal preso politiko, erbesteratu eta deportatuen izenean «bihotzez» eskertu zituzten kulturan, kirolean, kalean eta beste hainbat arlotan herri mugimenduak «gurekin eta gure senideekin elkartasunez urte luzeetan sortu dituen ekimen guztiak».

Ekimen horietako bat atzo amaitu zena da. «Korrika egitea eta naturaz gozatzea gustatzen zaien adin eta kondizio guztietako jendearen potentziala» ikusita sortu zena, gogora ekarri zutenez.

Andaluziarako autobusarekin, Mirentxineko boluntarioen furgonetekin, Hatortxu eta 40 Minutu Rock musika jaialdiekin bezala, Lasterbideanekin «oso lagunduta» sentitu direla adierazi zuten, esker oneko, senideek.

Sakabanaketarena «sufrimenduz betetako 30 urte baino gehiago» izan direla deitoratu zuten, errepidean hildako 16 senideak eta kartzeletan hildako 35 presoak gogoan zituztela.

«AZKENA ASKE GERATU ARTE»

Oiartzunen, Larrabetzun, Berriozarren, Araian, Oñatin, Ondarroan, Arbizun, Kanpezun, Amasa-Villabonan eta Abadiñon egin den ekimen honekin batera «asko sufritu dugun aro bat» itxi bada ere, «lanean jarraitzeko» beharra azpimarratu zuten Lasterbideanen azken edizio honetan. «Mobilizatzen, presoen alde, azkena aske geratu arte», zehazki.

Horretarako, datorren urtean dinamika berri bat abiatuko dute, honen lekukoa hartuko duena, «sakabanaketaren amaieraren ondorengo garai honetan irekitako testuinguru berrira egokitua, fase berrira egokitua», azaldu zuten. Hau ere kalean korrika egitearekin lotutako ekimena izango dela aurreratu zuten. «Bertan ikusiko dugu elkar, denak etxean libre izan arte ez gara geldituko», esan zuten.