GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Ukabila gora eta metafora ugari zabalik


Lehen alderdi espainola bere talismana berriro ere Estrasburgon esertzeko aulki biren faltan geratuta, Carlos Iturgaiz Europako Batasunaren Parlamentuko atean geratu da. Metafora bat da; edonola ere, metafora gehiago ditu jotzeko zain eskarmentu handiko politikari horrek; denok dugu gogoan hamabost urtean soilik Europan egin zuen lan itzela. Deskuiduan PPren Batzorde Nazionalean bazegoen metafora libre bat, eta Askatasun Publikoen Idazkaritza eskaini diote. «Ilusioz eta konfiantzaz hartzen dut», esan du politikari beteranoak. Izango ez ditu, ba, ilusioa eta konfiantza. «Askatasuna, egia eta justizia defendatzen jarraituko dut». Ez genuen gutxiago espero.

2003an Gasteizko Parlamentuan Mayor Orejaren ordez bozkatu zueneko «hanka-sartzearen», PPren araberako «ukondo-sartzearen» edo Parlamentuko bideoek erakutsi zuten atzamar-sartzearen gaineko informazioa bilatu dut, eta itzultzaile neuronalari pasatu diot PPk orduan esan zuena laburbiltzen duen testua: «El parlamentario habría activado el sistema con el codo». Neuronala oporrak ematen hasi da neuronei, nonbait, eta hauxe diost: «Legebiltzarkideak zurrutean ari zela aktibatuko zuen sistema». Proba bat egin dut erdal lokuzio honekin: «El parlamentario habría empinado el codo». Euskaratuta-edo, hara zer dioen: «Parlamentariak ukondoa igoko zukeen». Nire neurona bakanetakoren bat ere oporretan dago, antza, eta «ukabila» irakurri dut. Gerta zitekeen, baina ez, lasai.

Tira, orain PPren Batzorde Nazionaleko Askatasun Publikoen idazkari dotorea dugu santurtziarra. Espero dut askatasun publiko horiek eta idazkari horren egia eta justizia ez direla alderditik aterako; gainerakoan, niri ez zait gaizki iruditzen hura (nahi gabe) endredatzeko kargu baten jabe izatea.