GARA Euskal Herriko egunkaria
1978

Bai Euskarari 1978, abiatze berri bat euskararentzat

Ezkerrean 1978an San Mamesen egindako Bai Euskarari ekitaldiko une bat, gerora 3.000 puxikek aireratuko zuten ikurrina zelai erdian. Gainean «Egin»-en argitaratutako publizitatea jaialdira deituz. (ZARRABEITIA | EGIN)

1978ko ekainaren 17an San Mames bete zuten euskaltzaleek. Bai Euskarari kanpainaren amaiera zen, «gure herria suspertzea zuen helburu kanpaina honek, eta badirudi horrelako zerbait lortu dugula, baina hilabete batekoa edo egun batekoa ez bedi izan, bestela gure buruak engainatuko ditugu, baina besteenak ez». Egun hartan Joxe Mari Iriondo aurkezleak esandako lehen hitzak dira.

Antzera mintzo zen “Egin”-en egun honi begira egindako adierazpenetan Gontzal Mendibil kantaria ere, «hil ala biziko unean bizi gara. Iraupena, superbibentzia oraindik airean dago. Gogorra da aitortzea, baina gure istilu nagusia oraindik bizitzea da, bizi beharra».

San Mamesen entzun zen lehen aldiz orduan kanpainari eta ondoren aldarriari berari soinu banda jarri dion Pantxoa eta Peioren ‘Bai euskarari’ kantu ezaguna.

Euskarak izango zuen estatusa argitu gabe zegoen. San Mamesko jaialdia baino aste pare bat lehenago ESEI (Euskal Sozialistak Elkartzeko Indarra) alderdiko ordezkariek Senatura eramandako auzia adierazle. “Egin”-ek orduan jasotzen zuenaren arabera, Gregorio Monreal senatariak hezkuntza arloan Moncloako Itunetan jasotakoa ez betetzea egotzi zion Adolfo Suarezen gobernuari, «bagaude uste dugunak Estatuko herritar izateak ez duela esan nahi uko egiten diogunik osorik galiziar, euskal, katalan, valentziar… izateari; eta badira Estatuaren nazio aniztasuna desagerrarazi beharreko akats bat dela uste dutenak».

Trantsizioari bide eman zioten itunetan tokian tokiko hizkuntzak hezkuntza sistemara gehitzeko konpromisoa jaso zen, hark bete gabe jarraitzen zuen eta euskal senatariak esangura handiko salaketa egin zuen Madrilen: «Gobernuak horren garrantzitsua den hizkuntza nazionalaren auzian horrela jardun badu, zer zilegitasun eta autoritaterekin eskatu ahal zaie gutxiengo nazionalei Estatuarekiko leialtasuna?».

Dena egiteko zegoen giro horretan ospatu zen Bai Euskarari kanpaina. San Mamesko jaialdi handiaren aurretik herriz herri izan ziren hainbat mugarri; ohikoak izan ziren diru-bilketak, adibidez, edo, amaiera bezperako “Egin”-ek jasotzen zuen moduan, eragileen ekarpen handiak; Adegi enpresarien elkarteak bost milioi pezetako ekarpena egin zuen, adibidez.

150 pezetatan saldu zen San Mamesko sarrera bakoitza, eta jaialdia 19.00etan abiatu zen. Uso zuri bat eta ikurrina zeramaten 3.000 puxika aireratu ziren; kanpainaren eta aldarriaren sinbolo izan zen usoa.

Euskaltzaindiaren izenean Aita Villasantek hartu zuen hitza, «euskara da herri honek duen bereizgarririk argiena, gure asabengandik datorkigun ondasun paregabea; baina ondasun hau gordetzeko, bizirik eta osorik ateratzeko, guztion lana, lehia eta ahalegina behar ditugu».

Kanpainaren sustatzaileek ekitaldira alderdien sinbolorik gabe joateko eskatu zuten, anitza zelako deialdia eta kontrakotasunik ez sortzeko. Agian horregatik, Jean-Louis Davantek, Euskaltzaindiaren izenean honek ere, modu honetan aldarrikatu nahi izan zuen euskarak behar zuena: «Batzarre honetako nehor zauritu gabe erran dezaket hizkuntza mailan subiranotasun osoa behar dugula euskaldunok». “Egin”-en kronikaren arabera, San Mamesen ez zen sinbolo alderdikoirik izan, baina bai independentziaren eta ETAren aldeko oihuak.

Giro politiko bortitza bizi zen Trantsizioko Euskal Herrian, eta horren adierazle izan zen, edo horren ohikotasunaren adierazle, bonba abisuaren kudeaketa.

Antolakuntzak gauerdian San Mamesen bonba bat lehertuko zenaren abisua jaso zuen; egoera aztertu ostean, Juan San Martin euskaltzainak mezu bat irakurri zuen, abisuaren berri emanez eta, behin jakinda, bertaratuen eskutan utziz euren eserlekuetan mantendu ala ez. Txistu egin zioten San Martini gaztelaniaz egiteagatik lehen hitzak, eta txistu egin zuten bertaratuek bonba abisuaren iragarpena entzutean; baina “Egin”-en egun hartako kronikaren arabera, inor ez zen mugitu bere lekutik.

HOGEI URTERA, BIDER BOST

1978ko Bai Euskarari jaialdiaren bezperan, “Egin”-ek Euskaltzaindiako Enrike Knörr-i egindako elkarrizketa zekarren, bi ideia nabarmendurekin; «Arabar biztanle gehienek euskaraz ikasi nahi dute», zen izenburua, eta izenburu aurrekoa edo zintiloa honakoa: «Euskararen egoera Araban: 20.000 hiztun daude».

Inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskaldun kopurua apalagoa zen orduan, baina edonola, hurrengo hamarkadetan 4 edo 5 aldiz emendatu da. Bai Euskarari jaialdiaren garapena ere hala izan da, 1998an, 20 urte lehenagoko ekimen hura gogoan, Euskal Herriko bost estadiotara eraman baitzuten pareko jaialdi garaikidea.

Urtebete lehenago sortu zen Euskararen Gizarte Eragileen Kontseiluak aurrez ikusi gabeko mobilizazio ikusgarria antolatu zuen 1998rako, 20 urte lehenagoko Bai Euskarari lelo berarekin. Anoeta, Sadar, San Mames, Mendizorrotza eta Agilera bete ziren euskararen aldeko bateratasun eta indarra aldarrikatuz.

Ekitaldia bera gaitasun adierazgarri izugarria izan zen, satelitez loturik izan baitziren bost eszenatokiak, bost kokapenetan aldibereko ekitaldi bateratu bat ahalbidetuz.

Politikoki «Bai Euskarari Akordioa» izan zuen oinarri ekitaldi hark, euskal sindikatu nagusiek (ELA, LAB, CCOO, CFDT…) eta kirol taldeek (Aviron, Osasuna, Alaves, Reala, Athletic…) sustatutakoa, besteak beste.

Kontseiluaren lehen idazkari nagusi izan zen Xabier Mendigurenek egin zuen hitzartze nagusia Iruñeko Sadarretik. Estadioetako ekimenaren arrakastaren akuilu nagusietako bat irailean sinatutako Lizarra-Garazi akordioa izan zen, eta hala adierazi zuen Kontseiluak berak ere, «aldeko haizea sentitzen hasi ginen udazkenean, haize fin eta beroa hasieran; zorion, poz eta alaitasunezkoa une honetan, itxaropen haizea euskararentzat». Ondoren, 78ko Bilboko ekitaldiari egin zion erreferentzia, «duela 20 urte abiatu zen San Mamesen euskararen uso zuria, uso zuri honek bat egin du bake eta askatasunaren usoarekin, eta elkarrekin doaz XXI. mendera hegan, euskararen usoak bakea eta askatasuna behar baititu hegan egiteko».

Denbora honetan euskaltzaleek «asko ikasi» zutela zioen, «orain badakigu nora goazen eta nola goazen», eta zin egite kolektibo batekin amaitu zen 98ko hura, «zutik Agilera, zutik Mendizorrotza, zutik San Mames, zutik Anoeta eta zutik Sadar ere… Euskal Herriko bost hiriburuetan bildu garen euskaldun guztiok, geure borondatez eta ageriki hitzematen dugu eutsi egingo diogula euskarari, gure hizkuntzari, eta guk hitzematen dugun bezala, geroak har dezan herri osoaren hitza, guztiok batera aldarrika dezagun: euskarari bai! Euskarari bai! Euskarari bai! Euskarari bai! Euskarari bai! Euskarari bai!»