GARA
ADUNA

Gipuzkoako eskola txikien komunitatea, Adunan elkarturik

«Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik» leloa ezagun egin dute Gipuzkoako Eskola Txikiek. 35. aldiz antolatu zuten atzo euren jaia, Adunan. Egun osoko egitaraua prestatu zuten adunarrek, eta gainontzeko 26 eskola txikietako lagunak gonbidatu zituzten elkarrekin egun eder bat pasatzera, baita herritarrak eta instituzioak ere. Harrera ekitaldiaren ondotik, zirkuola, sagarraren ibilbidea, txiki zumba, puzgarriak, ur jolasak eta hainbat ekintza izan zituzten: egurrezko jolasak, eskulanak, tailerrak, saharar haima, makillajea, ile-apaindegia, argazkiak, pottokak eta punteria jolasak.

SAGARREZ BETETA

13.00ak aldera, lekuko aldaketa baino lehen, plazan jarritako sagarrondoan euren sagarra zintzilikatu zuten Gipuzkoako eskoletako ordezkariek. Eskola bakoitzera polispaneko sagar bat bidali zuten hango ikasleek margotu eta mezuren bat idazteko. Hala, Gipuzkoako 27 eskola txikiak batu ziren zuhaitz horretan.

Jarraian, bazkaria eta bingo musikatua izan zituzten. Eta ondo amaitzeko, Porrotx eta Marimototsen emanaldia.

Herrian eta auzoan eskola izateak duen garrantzia aldarrikatu zuten. Lorea Iñigo Basopeta guraso elkarteko kideak hala azaldu zion Ehige Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioari: «Eskola Txikien Festak agerian uzten du eskola txikien komunitate sentimendua. Antolaketa lanetan gabiltzanetik argi geratu zaigu Gipuzkoako 27 eskolez osatutako sare handia osatzen dugula; batzuekin distantziaz urrun egon arren, antzeko izaera eta errealitatea partekatzen dugu».