GARA Euskal Herriko egunkaria

Irakasle talde bat baxoko ahozkoa euskaraz egiteko aukera berria jorratzeko prest dago

Euskaraldia ekimenaren karietara milaka euskal herritarrek jantzi zituzten «ahobizi» eta «belarriprest» txapak soinean jarriko dituzte hezkuntza sare ezberdinetan jarduten duten Ipar Euskal Herriko ehun bat irakaslek, ikur hori ikusita ikasle euskaldunek jakin dezaten baxoko ahozko azterketa, nahi izanez gero, euskaraz osatu dezaketela.

Baxoko ahozkoa euskaraz egitea ahalbidetzen duen ekimena aurkeztu zuten Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Sare publikoan, ikastetxe giristinoetan edota Seaskan jarduten duten hamarnaka irakaslek agerraldia egin zuten atzo goizean, Baionan, azterketak euskaraz egiteko borroka luzean aitzinera egiteko ekimen berri bat jakinarazteko.

Filosofia azterketa hilaren 18an egin ondoren, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ikasleek goi ikasketetarako sarbidea eskaintzen duen baxoa azterketa osatzen duten gainerako probak heldu den astean osatuko dituzte.

Azterketa multzo horren barnean ikasleei zirrara berezia eragiten dien «ahozko handia» dago. Astelehenetik goiti iraganen den ahozkoak ikasleek hautatu dituzten bi berezitasun aintzat hartzen ditu.

Hala, bi irakaslez osaturiko epaimahaiaren aitzinean ikasleak hamar minutu ditu berezitasun bati dagokion ariketa burutzeko. Horren ondotik, beste hamar minututan, irakasleek pausaturiko galderei erantzun behar die ikasleak.

EUSKARARI DAGOKION TOKIA

Egun, ikasketak euskaraz egin dituzten gazteek ezin dute ahozkoa euskaraz bete. Berezitasun gisa hizkuntza hautatu duten ikasleek bakarrik ahal dute frantsesa ez den hizkuntza baliatu proban. Edonola ere, ahozkoaren atal labur bat baizik ezin dute egin; hala nola euskara espezialitate gisa hautatu dutenak hautazko hizkuntza horretan aritu daitezke, gainerakoa frantsesez osatu behar dutelarik.

Ulergaitz den arau hori finkatzera etorri zen frantziar Hezkuntza Ministerioa, joan zen apirilean Euskararen Erakunde Publikoari (EEP) helarazitako zirkularrean.

Izan ere, atzo Baionan agerraldia egin zuten irakasleek haien arrangura adierazi zuten azterketak euskaraz egiteko dauden oztopoen aurrean.

Horrekin batera, «euskarari dagokion tokia» eskaini nahirik, deia egin zieten ikasle euskaldunei azterketa euskaraz egiteko aukera baliatu dezaten. Era berean, «irakasle euskaldun eta euskalzaleei» gonbidapena helarazi zieten ekimenarekin bat egiteko. Dagoeneko 50 bat irakasle batu dira ekintzara, baina proposamena publiko egin ondoren ehun inguru izatea espero dute.

IKASLEA PREST SENTITZEN BADA

«Ikaslea prest sentitzen bada azterketa euskaraz egiteko aukera hori izan dezala nahi dugu bermatu, baina argi adierazi nahi dugu ez dugula presioa eragin nahi, ulertzen dugulako ikasleek frantsesez landu dutela azterketa», azaldu zuten irakasleek, une oro borondatearen araberako hautua defendatu dutela.

Nola iraganen dira gauzak azterketaren egunean? Irakasle horiek Euskaraldian euskal gizartean aise banatu ziren “ahobizi” eta “belarriprest” txapak baliatuko dituzte beren burua identifikatzeko. Hala, ikasleak jakinen du ahozkoa euskaraz ahal duela burutu. «Azken urteetan hedatu diren ikurrak baliatuko ditugu, naturaltasunez irudikatzen dutelako euskaraz bizitzeko dugun nahia», adierazi zuten.

Dagoeneko Ipar Euskal Herrian izanen diren hamar bat azterketa guneetako batean lanean aritzeko deialdi ofiziala jaso dute irakasleek.

Izan ere, ahozko probaren eguna iritsi arte ez dute jakinen zein duten ondoan, epaimahaikide gisa.

Tokian toki adostasunak landuko dituzte, beraz, azterketa euskaraz egiteko aukera jorratzeko. Baxoa tituluak ikasleentzat duen garrantziaz jabeturik, betiere azterketaren giroa eta ororen gainetik «ikaslearen segurtasuna» zainduko dituztela nabarmendu zuten Trinket Modernoan eskainitako prentsaurrekoan.

Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko hamaika mobilizazio egin dituzte Ipar Euskal Herrian.

Galdera horren eramailez, hautetsiz eta EEPko erakundeko ordezkariz osaturiko euskal ordezkaritza batek frantziar Hezkuntza Ministerioarekin elkarrizketa prozesua garatu zuen. Euskal delegazioa apirilaren 11n joan zen azken aldiz Parisera. Bilera hasi eta berehala bertan behera geratu bazen ere, egun batzuetara ministroaren erantzuna heldu zen. Bere erabakiaren ondorioz, aurreneko egoerara itzulita, brebeta osorik euskaraz egin ahal dute aurten ikasleek. Baxoari buruz aitzinamendurik ez zuen agindu, eta urrats egin du irakasle talde batek. Baionan eginiko aurkezpenean, irakasle den Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako arduradun Antton Kurutxarrik hartu zuen parte.