GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren muturrak


Bizitzaren muturrak bezala, gogobetegarri zaizkigun kantuak ditugu, eta beste muturrean ez ditugunak horren atsegin. Zein erraz diagnostikatzen ditugun maite ditugunak, eta zein arrotz zaigun publiko zabalari adieraztea kantu edo talde batekin muturtuta zaudela. Egun, sare sozialen anonimotasunaren babesean nasaiki eta aise botatzen dira jipoiak. Izen eta abizenak erakusten ditugunean mingainari eutsi egiten diogu.

Ez nago artistekin muturtuta. Artistek kaleratutako lan batzuekin, agian. Gogoeta muturrera eramanda, konturatu naiz ez nagoela musikari horiekin xextran, ez nagoela zenbait kanturekin borrokan; neure buruarekin egon naiteke muturtuta. Zergatik ez ditut maite Urbizuren “Hasiera” diskoko kantuak? Berri Txarrak taldeak argitaratutako kantuekin alderatu ditudalako. Haietako askok betetzen naute. Berriak biluziago daude tresnen intentsitateari erreparatuta. Biluztasun musikalak atzera bota nau. Laboaren biluztasunak, ordea, beti ase nau. Urbizurena, oraingoz ez dut ulertu. Verde Pratoren musika zeramika hauskorraren bidetik doa, neu utzi nau “Pakean utzi arte”. Eta Ruperren kantu berri askok uzten naute entzefalograma lauan, “Ez da posible” diskoarekin alderatuta. Nire hautua da entzefalograma lan horretara joatea. Ez dut uste txarrak direnik. Oraingoz ez naute bete. Hirurek, errespetu guztiarekin. Betetzeke nago kantu horiek entzundakoan. Ez da gustu baztergarria. Lorratzei botako diet begirada.