GARA Euskal Herriko egunkaria
THE TATTOOIST OF AUSCHWITZ

Maitasuna izuaren erdian


Lale eta Gita Sokolov-en bizitza azaltzen duen miniseriea da: Bigarren Mundu Gerran, Auschwitz-Birkenauko kontzentrazio-esparruan, presoen besoetan identifikazio-zenbakiak tatuatzeko agindu zioten preso judua zen Lale. Egun batean, tatuatzeko txandaren zain zegoen neska bat ikusi zuen, Gita, dardara batean, izuak goitik behera hartuta, eta erabaki irmoa hartu zuen: infernu hartatik biek bizirik atera behar zuten. Holokaustotik bizirik atera ziren Lale eta Gita Sokolov judu eslovakiarren benetako istorioa du oinarri, Auschwitz-en izuaren erdian maitasuna aurkitu zuten bi presorena. Heather Morris-en izen bereko eleberrian oinarritzen den istorioa moldatu dute telebistarako. Aktore zerrendan Harvey Keitel, Melanie Lynskey edota Anna Prochniak topatu daitezke, besteak beste. Morris-ek bere lehen eleberria argitaratu zuen 2018an: “Auschwitzeko tatuatzailea”; 44 herrialdetako bi milioitik gora irakurle txunditu zituen. Egileak berak liburuari atariko gisa jarritako oharrean dioen bezala fikzio lan bat izan arren, benetako gertakarietan dago oinarrituta; alde horretatik, sortu dira ahots kritikoren batzuk, zenbait daturen zuzentasuna zalantzan jartzen dutenak. Alberdania argitaletxeak euskarara ekarri zuen 2019an M.A. Elustondoren eskutik.