GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Zumaiaren lehenengo kolpea, denboraldiaren estreinaldian

Zumaiako Telmo Deun, iaz, Bermeon. (O. MATXIN EDESA | FOKU)

Uda hasi berritan, traineru txapelketa nagusien txanda iritsi da. Bizkai, Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapelketak jokatuta, banderen lehia betean sartu dira arraun elkarteak. Liga garrantzitsuenak, Eusko Label eta Euskotren hasteko astebeteren faltan, ETE eta KAE 2 ligak abiatu ziren atzo, eta gaur hasiko da KAE 1 ligaren lehia ere.

Behe mailako txapelketak diren arren, igoeraren gosearen eraginez, sekulako borroka egon ohi da hauetan ere. Bada, Zumaiak lehendabiziko kolpea eman zuen, sasoiko aurreneko bandera irabazita.

Iaz lehia estua izan zen zumaiarren eta sestaoarren artean, eta dema partikular horretan gipuzkoarrek urrats bat egin zuten Astilleroko uretan. Etxeko taldearekin lehia estua izan zuen Telmo Deun traineruak.

Erlojuaren aurka lehiatu zen denboraldiko lehen estropada eta Zumaiak egin zuen denbora onena: 11 minutu eta 9 segundoan osatu zituen 1,5 miliak, etxekoak baino segundo bat azkarrago. Kaiku izan zen hirugarrena, sei segundo gehiagorekin. Hain zuzen ere, sestaoarrak izan ziren uretaratzen azkenak eta, aurreneko ziabogan Zumaiaren antzeko denbora egin bazuen ere, bigarren eta hirugarren luzean denbora galduta, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen egungo Bizkaiko txapeldunak.

Lehen bi ziabogetan denbora onena egin zuen Astillero izan zen, baina azken luzean denbora galdu eta ezin izan zuen Zumaiaren denbora hobetu, etxekoak baino txanda bat lehenago uretaratu zena.

Iaz hiru bandera astindu zituzten zumaiarrek (Kaikuk sei eta Zarautzek beste hiru), sailkapen orokorrean bigarren bukatuz. Aurten, Euskadiko txapelketan merituzko laugarren postua egin ondoren, lehenbiziko bandera astindu dute. Gaur goizean Pasaian lehiatuko dira.

ASTILLERO, KAE 2 LIGAN

Arrauneko hirugarren maila ere atzo abiatu zen, Astilleron, zazpi trainerurekin. Etxekoak nagusitu ziren, 3 miliako ibilbidea 20 minutu 54 segundotan osatuta. Bigarren Donostiarra B izan zen, eta hirugarren, Hibaika.