GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

San Juanek bere hautagaitza aurkeztu du etxeko uretan eta Zumaiak astea biribildu du

Zumaiak ETE ligan eta San Juanek KAE 1 ligaren estreinakoan, Pasaiako ikurrina irabazi zuten. Telmo Deunak bigarren garaipena ospatu zuen, asteburua ederki biribilduz. KAE 2 ligan Castreña nagusitu zen, Kaiarribaren aurretik. Asteburu honetan hasiko dira Eusko Label eta Euskotren ligak.

San Juaneko eskifaia, iazko estropada batean. (A. CANELLADA | FOKU)

Erlojuaren aurka lehiatu zen atzo KAE1 ligako estreinako estropada, Pasai Donibaneko uretan, eta etxeko trainerua erabat nagusi izan zen, lehen txandan arituta. Joseba Fernandezen eskifaiak 20 minutu eta 36 segundo behar izan zituen 3 miliak osatzeko eta, zentzu horretan, ez zuen areriorik izan. Are gehiago, Zumaia izan zen bigarren sailkatua, ezustekoa emanda, “Erreka” baino minutu erdi gehiago behar izanda (21:12.42). Hala, San Juanek berretsi zuen igoera lehiatzeko hautagaietako bat izango dela aurten. Iaz play-offetatik urrats batera geratu zen (laugarren bukatu zuen liga erregularra) eta hasi berri den denboraldian, Gipuzkoa zein Euskadiko txapelketan maila ona erakustearekin batera, indartsu dagoela berretsi du.

Ez zuen areriorik izan III. CMO Valves bandera astintzeko, eta gainera, arerio zuzena izan daitekeen Lapurdirekiko aldea -iaz Joseba Fernandezen gidaritzapean igoera jokatu zuten lapurtarrek-, sailkapen nagusian, bi puntukoa da, bien artean Zumaia sartu baitzen. Telmo Deunak baino zazpi segundo gehiago behar izan zituen Lapurdik estropada bukatzeko (21:1967), eta bere atzetik sailkatu zen Santurtzi (21:24.63), Eusko Label ligatik jaitsi berria.

Arkote, Zarautz, Portugalete, Pedreña, Camargo, Orio B eta Deusto helmugaratu ziren, hurrenez hurren. Hondarribia B, bestalde, kanporatua izan zen, hain zuzen ere, motorra bezala zetorren etxeko traineruari bidea oztopatzearren.

ZUMAIAREN BIGARRENA

Gizonezkoetan Zumaiak bigarren eginda ezustekoa eman zuen, eta emakumezkoetan beste garaipen bat pilatu zuen, asteburua biribilduz. Hala, ETE ligako lidergoa sendotu zuen. Zumaiarrek 16 puntu dituzte; Astillerok 14; eta Kaikuk 12.

Hain zuzen ere, bezperan, Astilleroko uretan erregistratu zen sailkapena kasik bere horretan errepikatu zen atzo, XI. Pasaiako ikurrinaren lehian, bai behintzat goialdean. Are gehiago, lehia oso estua egon zen Zumaia eta Astilleroren artean, herenegun legez, eta azkenean, 79 ehunekogatik, zumaiarrek ospatu zuten garaipena.

Kaikuk egin zuen hirugarren, irabazleak baino 8 segundo gehiagorekin. Zarautz, San Juan -lehen txandan denbora onena eginda, 12:13.88-, Deusto, Ondarroa eta Hernanik, ordena honetan, bukatu zuten.

DONOSTIARRA B, BERRIRO BIGARREN

Pasaiako estropada eremuan uretaratzen lehendabizikoak KAE 2 ligakoak izan ziren, hauek ere denboraldiko bigarren banderaren lehian, XXXIX. Pasaiako Bandera. Castreñarentzat izan zen garaipena, Donostiarrak bigarren postua errepikatu zuelarik. Hala, Kaiarribakoek Astillerorekin berdindu zuten sailkapen nagusian (12 puntu). Busturialdea izan zen laugarren eta Hibaika, Lutxana eta Santoñak itxi zuten sailkapena.