GARA Euskal Herriko egunkaria

Data aldaketa soilik ez, beste hainbat berrikuntza izanen dira Baionako Bestetan

Parisko Olinpiar Jokoak tartean, haien besta nagusiak inoiz baino goizago ospatuko dituzte aurten baionarrek. Hori gutxi balitz, boz legegileen bigarren itzulia besta lehertu baino hiru egun lehenago soilik iraganen da. Egokitzeko gaitasuna aldarri, bestaz gozatzeko egitaraua aurkeztu dute.

Orai Bat dantza taldeko egoitzan burutu zuten besten aurkezpena udal agintariek. (Guillaume FAUVEAU)

Bere 60. urteurrena ospatzen duen Orai Bat dantza elkartearen egoitza hautatu dute Baionako Bestak aurkezteko. Hiriko bestetan, betiere euskal kultura ikur, ekimen anitzetan parte hartzen dute elkarteko kideek. Leinua, Ibaialde edo Tuntuna taldeekin batera, ohikoa bilakatu da elkartearen presentzia Karrikaldian. Bestalde, beraiek dantzan jartzen dituzte, egunero, Baionako karrikez gaindi desfilea egiten duten ziganteak.

Bada zer nabarmendu Orai Bat dantza taldeak urtean zehar egiten duten lanari buruz, Baionako bestetatik kanpo ere euskal folklorearen jarraitutasuna bermatzeko lan eskerga egiten duelako taldeak.

Dagoeneko, 2019ko aurkezpenean presente izan zen dantza taldearen sortzaile Iñaki Serrada omendu zuen Baionako Herriko Etxeak.

KALEKO MUSIKA BABESTU

Ehundik gora ekimenez osaturiko egitarauan kaleko animazioari egun berezia eskainiko dio aurten Baionako hiriak.

Datak soilik ez, beste hainbat berrikuntza izanen dira trantsizio bati ekin dioten bestetan. 2032 Kolektiboak mahai gainean emandako hamar proposamenetan oinarrituta, besten denboran masifikazioari aurre egiteko lehenengo neurriak hartuko dituzte aurten. Hala, gaueko 22.00etan gertatzen zen bestetako irekitze ofiziala arratsaldera pasatzea deliberatu du besta batzordeak. Uztailaren 10ean, asteazkenarekin, arratsaldeko 17.00etan iraganen da giltzen jaurtiketa, Askatasun plazan.

Ordu aldaketak lagundu behar luke jende pilaketari loturiko arazoak lausotzen. Ildo beretik, manexak eta bestelako atrakzioak biltzen dituen feria gunea bi tokitan -Boufflers etorbidean eta Charles de Gaulle aparkalekuan- banatzeko hautua egin du Udalak. Bai Reduit plazan bai Santa Izpirita auzora daraman zubian ere jendea aiseago ibiltzeko balio behar luke antolaketa berriak.

Berrikuntza handia ez bada ere, urtetik urtera prezioak gora egiten duelako, ostiral eta igande gaua bitartean besta eremu itxian sartzeko erakutsi behar den eskumuturra 15 eurotan dago aurten. Baionarrak salbu, bisitariek igarobidea beharko dute erosi, besten diruztatzeari ekarpen gisa.



Patxa plaza, besta eredu alternatiboaren erakusleihoa

Besta eredu alternatiboaren erakusleiho izanen da, beste behin ere, Patxa plaza. Azken hamarkadan, kale animazioak, bertsolariak, haurrendako jokoak, herri bazkariak eta gaueko kontzertuak giro euskaldun eta herrikoia sustatzen duten bestetako ezinbesteko osagaiak bilakatu dira.

Etorkizuneko besta ereduari buruzko gogoeta abian delarik, 2032 Kolektiboak eginiko hainbat proposamen onartuak izan direlako «harro» azaldu dira antolatzaileak. Hala ere, aitzinamenduz urriak direla sinetsita, «besta euskaldun, herrikoi eta feministak» sustatzeko» egitaraua landuko dute aurten ere.

Horrendako, Baionako agintariek atzo egin zuten aurkezpen ofizialari aurrea hartuz, musika egunaren karietara besta alternatiboen afixa aurkeztu zuten ekainaren 21ean, Patxa Plazan. M.U.B.