Ion GARATE
DONOSTIA
Entrevista
ION IZAGIRRE
Cofidis taldeko txirrindularia

«Sentsazioak aurkitu eta iazkoa berdinduta, gustura egon gintezke»

Egun gutxi falta dira -larunbatean emango zaio hasiera, alegia- Tourra Florentzian (Italia) hasteko, eta Ion Izagirre (Ormaiztegi, 1989) «gogotsu» dago hasi eta sentsazioak zeintzuk diren ikusteko. Duela aste batzuk Suitzako Tourrean erorikoa izan eta saihets bat hautsi zuen, baina egunak aurrera joan ahala hoberantz joango den «esperantza» du.

(Jaizki FONTANEDA | FOKU)

 

Larunbatean emango zaio hasiera aurtengo Tourrari. Italian, Florentzian, hasiko da; iaz Bilbotik irten zen etaparen antzekoa, «gogorra». Bukaera, ordea, ezohikoa izango da Olinpiar Jokoengatik: Nizan amaituko da, erlojupeko batekin; ez da esprintik izango Eliseo zelaietan. Honi buruz, faboritoei buruz eta, gehienbat, bere egoerari buruz hitz egin du Ion Izagirrek NAIZ Irratian urteko lasterketa handiena hasi baino egun batzuk lehenago. Eta adi, lehen egunetik «showa» izango dela aurreratu baitu gipuzkoarrak.

Suitzako Itzulia utzi behar izan zenuen eroriko baten ondorioz. Zer moduz zaude?

Ongi. Oraindik badauzkagu erorikoaren ondorioak, baina, egia esan, bidean goaz eta Tourra hasteko gogoz gaude.

Espainiako Txapelketetan ez zara izan.

Ez, erorikoagatik. Hurrengo egunetan azterketa batzuk egin zizkidaten eta ikusi zen saihets bat hautsita neukala. Taldearekin erabaki genuen Espainiako Txapelketa ez korritzea, etxean egun batzuk gehiago lasai egotea saihetsa ahalik eta ondoen osatzeko, gehienbat helburua Tourra delako.

Euskaldunak ematen ari zareten maila nabarmena da: Aranburu Espainiako txapeldun eta Belgikan ere maila onean; Lazkano bigarren, eta Dauphinen nahiko ongi; eta Bilbaok etapa garaipena lortu zuen Eslovenian. Ez da gutxi.

Ikusten da azken aste hauetan garaipenak ere iritsi direla: bai Espainiako Txapelketan bai Belgikan, Alex Aranburu eta Pello Bilbaok oso urte ederra daramate. Emaitzak hor daude eta besteok ere saiatuko gara Tourrean maila on bat ematen.

Larunbatean hasiko da Florentziatik, ohikoa baino lehenago aurten, Olinpiar Jokoen ondorioz, eta Cofidis taldeak baieztatu du bertan izango zarela. Nola zaude?

Gogotsu. Erorikoaren ondorioz, entrenamendu aldetik ez da asterik egokiena izan. Uste dut prestakuntzan atzera pauso bat eragin didala, baina espero dut egunak aurrera joan ahala hobeto sentitzen joatea eta saihetsa arazoa ez izatea.

Iazkoa berezia izan zen, Euskal Herritik abiatu baitzen, garaipena ere lortu zenuen. Buruan eta bihotzean geratzen den horietakoa al da?

Bai. Etxean hasita, hasiera horrekin bakarrik oso berezia izan zen, eta etapa garaipenarekin, gogoan izango dudan Tourra izango da, noski.

Zaila al da iazkoa hobetzea, edo anbizioa gehiagora doa?

Hobetzea zaila izango da, baina gogotsu nago nire burua ikusteko, batez ere Suitzako eroriko honen ondoren. Fisikoki ere ez nintzen oso ondo sentitu eta zalantza batzuekin hasiko dut Tour hau. Espero dugu, egunak aurrera joan ahala, sentsazio onak aurkitzen joatea; eta iazkoa berdintzen badugu, gustura egon gintezke.

Zurekin arituko dira, besteak beste, Bryan Coquard edota Guillaume Martin. Zein helbururekin zoazte?

Pertsonalki, azkeneko Tourretan izan dugun antzekoa: presentzia izatea ihesaldietan, eta etapa garaipenaren lehian egoteko asmoa daukagu taldeko gehientsuenok. Bestetik, Guillaume Martin beti izaten dugu sailkapen nagusian borrokan lehenengo postuetan sartzeko; lehengo urtean lortu zuen eta aurten seguru hor aurrean ikusiko dugula. Badakigu Tourra lehiatzeko beste faborito batzuk daudela, baina gu gurea ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara eta ea zorteak ere laguntzen digun.

Ibilbideari dagokionez, iaz Euskal Herritik gogor hasi zen, baina aurtengo hasiera ere ez da makala. Italiako lehen bi etapak, segituan Galibier dator...

Egia esan, ez dut asko ikusi [ibilbidea]. Behin Tourrera bidaia egiten duzunean eta han zaudenean, denbora gehiago izaten duzu horretarako. Egia da lehenengo etapa hemen Bilbon izan genuenaren antzekoa izango dela: oso etapa gogorra, sailkapen nagusikoentzako egokia izango den etapa bat eta lehenengo diferentziak sortuko dituena... Lehenengo egunetik “showa” izango da hau.

Erorikotik etorrita, ez dira agian aproposenak zuretzat, baina proba bat egiteko...

Bai, hori da. Horregatik genion zalantza askorekin hasiko naizela, ez dakidalako zein puntutan iritsiko naizen. Denborak erakutsiko dit aurrera egingo dudan edo ez, baina esperantza dut aurrera egiteko, saihetsa ahalik eta ondoen osatzen joateko. Etapa asko egongo dira bidean eta ihesaldietan murgiltzen saiatuko gara.

Eta bukaera, ezohikoa. Nizan amaituko duzue, erlojupeko batekin. Ez da esprintik izango Eliseo zelaietan.

Bai, hala da. Pixka bat pena ematen du. Hain polita izaten da azkeneko egun hori, Parisen, oso sinbolikoa gainera. Ezberdina izango da, erlojupekoa estua izango eta, hori bai, etxetik gertuago.

Beraz, esprinterrak ez zaretenontzat, gozatzen duzue azken etapa hori?

Bai, bai. Egia da behin Parisen sartuta, broma gutxi egoten dela. Beti esaten da paseo bat dela, baina gaur egun paseo gutxi. Azkenean, sinbologia du, Paris erdian, txikitatik ikusi duzun esprint horrek beti izan du izena. Gero Tourra bukatzeko modu hori, gero taldearekin gauean ondo ospatze hori, azkenean, hilabete eskas egoten zara taldekideekin beti borrokan aurrera eta atzera, eta gaueko afaritxoa Tourra ondo bukatzeko ondo etortzen da.

Denboraldiari begira, zein balorazio egiten duzu?

Aurtengo urtea ez da oso ona izaten ari niretzat, ez emaitza aldetik eta ez sentsazio aldetik. Egia esan, urteroko gauza berdintsuak ari naiz egiten, bai lasterketa eta bai prestakuntza aldetik, baina kirola halakoa da. Gauza batzuk ez ditugu gure esku kontrolatzen eta etortzen diren bezala onartu behar dira. Orain arte gauzak ez dira oso ondo atera, baina horri buelta emateko prest gaude.

Aurten Pogacarri irabazteko gai norbait ikusten al duzu?

Gehienok pentsatzen genuen Vingegaard izango zela arerio nagusia, baina ez dakigu zein mailatan iritsiko den. Eroriko larria izan zuen Itzulian eta buelta emateko eta Tourra prestatzeko ez dakigu nola iritsiko den, astirik izan duen. Eta ikusi da Pogacarrek eraman duen sua orain arte; lasterketa guztietan zapaltzen ari da, Giroa ere aise irabazi du eta berak daraman taldea ere ikaragarria da, oso konpletoa eta indartsua. Egia da hiru asteko itzulia dela eta edozer gauza gerta litekeela, baina gauzak ondo joanda, Pogacarri lehen postua kentzea zaila izango da.

Tourrean, bizikleta gainean aldamenean ez duzu izango, baina Gorka anaia taldekidea duzu aurten berriro ere.

Bizitza osoa daramagu elkarrekin, ia talde berdintsuetan, eta lasterketetatik kanpo ia egunero ibiltzen gara entrenatzen. Laguntza handia da.

Joango al da animatzera?

Badakit oraintxe astetxo lasaia hartu duela familiarekin eta ez dakit asmorik izango duen. Berak bere prestakuntza eramango du hurrengo helburuetarako eta ez da erraza gure bizitzarekin bueltaka ibiltzea eta etapak ikustera joatea.

Olinpiar Jokoak ere ez dira urruti. Bertan izateko esperantzarik ba al duzu?

Egia esan, ez daukat inongo berririk. Espainiako hautatzaileak ez dit deitu, ez dit inongo mezurik utzi, ez dakigu selekzioa nondik nora izango den. Esperantza askorik ez daukat; plazak ere ez dauzkagu asko, hiru. Ibilbidea ere agian beste txirrindularientzako egokiagoa da. Egia da aurtengo urtea ez zaidala oso ondo ateratzen ari eta ez dut uste aukera askorik izango dudanik joateko.