Ion SALGADO
GASTEIZ

Ernairen erantzuna isunei: «Kikilduko ginela uste bazuten, oker dabiltza»

Irailean Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko Bilbon eta Gasteizen egindako ekimenetan parte hartu ostean, Ernaiko 133 kidek 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak jaso zituzten. Atzo aurkeztu zituzten lehenengo helegiteak. «Egoera honen aurrean kikilduko ginela uste bazuten, oker dabiltza», nabarmendu zuten.

Ernaik Gasteizko epaitegien aurrean egindako agerraldia.
Ernaik Gasteizko epaitegien aurrean egindako agerraldia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Ernaiko 133 kidek 1.500 eta 2.500 euro arteko isunak jaso zituzten udaberrian, irailaren 22an Bilbon eta Gasteizen Aitor Zelaiaren eta Galder Barbadoren kartzelatze agindua salatzeko ekimenetan parte hartzeagatik. Lakuako Segurtasun Sailak “Mozal Legea” erabili zuen, osotara 290.500 euroko isuna ezartzeko.

Maiatzaren 30ean egindako agerraldian, Ernaik «erabat partziala eta desproportzionatua» dela salatu zuen, eta «eraso politiko» horri erantzungo ziola iragarri zuen, hain zuzen, Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian isunen aurkako helegitea aurkeztu eta prozesu judiziala abiaraziz.

Bide horri ekin zioten atzo, Gasteizko epaitegietan aurkeztutako lehen bost helegiteekin. Maddi Bilbao abokatuak azaldu zuenez, «bidea luzea izango da», izan ere, «133 isun dira banaka-banaka errekurritu behar direnak, eta bakoitzak bere zehaztapenak ditu». Xedea da isun hauek zuzenbide-kontrakotzat jotzea.

«Ikuspegi juridiko batetik oso eztabaidagarriak dira; alde batetik, herritar orok dugun adierazpen askatasun eta manifestaziorako eskubidearekin talka argi bat dagoelako», adierazi zuen, Ertzaintzak «desordena publiko larriak» antzeman zituela gogoratuz. «Baina etorkizunean gauzatuko den ahozko epaiketan frogatutzat joko da manifestaziorako eskubidearen baitan emandako protesta baketsuak baino ez zirela izan».

Bestalde, zigorrak neurriz kanpokoak direla ohartarazi zuen. «Administrazioak ez du arrazoitu egin duen arauaren interpretazio zigortzailea, eta ez du arrazoitu ezarri dituen neurrigabeko 1.500 eta 2.500 euroko isunak», esan zuen abokatuak.

«Galdetu beharko zaio Segurtasun Sailari ea zergatik kasu konkretu honetan halako jarrera agertu eta ebazpen ezohikoak ebatzi dituen jakina denean kasu oso berdintsuetan ez duela inoiz horrela jokatu». «Ondorioztatu daiteke Administrazioak modu arbitrarioan ebatzi dituela ebazpen hauek», gaineratu zuen.

Ernaikoek auzitegietara jo dute jakin badakitelako «epaitegiak direla Administrazioaren eta kasu honetan Segurtasun Sailaren erabakitzeko ahalmena mugatzeko eskumena duten bakarrak». Hala, epaitegiek isunak zuzenbide-kontrakoak jotzea espero dute gazteek, «nabaria delako aurrekari arriskutsua izan daitekeela isun eta ebazpen guzti hauek baliozkotzat ematea».

«MUGARRI ARRISKUTSU BAT»

Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak ideia bera nabarmendu nahi izan zuen: «Auzi honek mugarri arriskutsu bat kokatzen du gainontzeko mugimendu sozialen aurka ere egin ahal izateko». Bere esanetan, “Mozal Legea” XXI. mendeko «errepresio politikoaren aurpegi nagusia da, sistema honen aurka egin eta bestelako alternatiba batzuk planteatzen ditugun mugimendu sozialen aurka egiteko erabiltzen duten errepresio mekanismo nagusia. Herritarron babeserako baino, gutxi batzuen pribilegioak bermatu eta statu quoa mantentzeko balio du».

Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarrak lege honen aurka agertu dira hainbat alditan, «hala ere, 2015etik hona modu sistematikoan aplikatu dute». Eta «Eusko Jaurlaritzak eta Segurtasun Sailak duten funtzionatzeko modua aldatzen ez bada, uste dugu egoera larri baten aurrean egon gaitezkeela aurrerantzean ere».

Ernaiko ordezkarien ustez, «eraso politiko hau une jakin batean eman da, ezkerreko independentismoa gehiengo politiko eta soziala lehiatzen ari den unean». «Egoera honen aurrean kikilduko ginela uste bazuten, oker dabiltza, eta datozen hilabeteetan izango gara auzitegietan epai honi aurre egiteko, modu kolektiboan erantzuteko eta honen aurka egiteko», esan zuen.