GARA
BILBO

Uraren kontsumoa %40 bat murriztuko du BBK Live jaialdiak

BBK-k eta Bilbao BBK Live jaialdiak atzo aurkeztu zituzten datorren uztailaren 11, 12 eta 13an Kobetamendi parkean izango den hitzordu erraldoiari begira martxan jarritako ingurumen eta jasangarritasuneko ekintza ildoak. Kezka berezia dutela azpimarratu dute.

Nora Sarasola (BBK) eta Paloma Orte de la Peña (Last Tour).
Nora Sarasola (BBK) eta Paloma Orte de la Peña (Last Tour). (LAST TOUR)

Jaialdia eta Fundazioa elkarlanean ari dira, edizioz edizio, ekitaldiak ingurumenari egiten dion kaltea murrizteko eta gizartean, kulturan eta ekonomian duen eragin positiboa areagotzeko, atzo esan zutenez. Hartu dituzten neurrien artean, lur-eremua egokitzeko hartutako neurriak daude, bai jaialdira etortzen direnentzat, baita bertakoentzat ere.

Aurreikuspenen arabera, ur kontsumoa %40 bat murriztuko dute; esaterako, orain arte erabiltzen zuten hornidura higieniko-sanitarioa aldatu eta ura birzirkularazteko sistema eraginkorragoa erabiltzen duen beste bat jarri dute. Bestalde, plastiko guztia kendu omen dute agertokietatik. Agertoki nagusia landare biziekin estaliko da, eta jaialdia amaitutakoan birlandatu egingo dituzte. San Miguel agertokia ezkata itxurako konposizio batekin apainduko dute, zapakinez eta algaz egindako biomaterial bat erabilita. Garagardoa egitean sortzen diren hondakinak alga estraktuekin kozinatu eta biolarru jasangarri eta biodegradagarri bat sortzen da. Banan-banan egiten dira, eta ia 100 metro koadroko azalera hartuko dute. Ezkatak fabrikatzeko prozesuak «zero hondakin» sortzen du; beraz, karbono-aztarna positiboa uzten du, aipatu dutenez. Horrez gain, Errekaldeko El Fango futbol-zelaiko 10.000 metro koadro belar artifizial berrerabiliko dira.

JAIALDIA, GERTUAGO

Aurtengo edizioko kartela itxi du BBK Live jaialdiak. Ordutegiak eta artistak agertokien arabera nola banatuko diren ere zehaztu dute, Bereziak jaialdiaren programazioa aurkeztearekin batera. Azken egitarau hori egunero gauzatzen da goizez Bilbon, sarrera librearekin. Bereziak Industria Sortzaileak Fundazioaren proiektua da, eta Bilbao BBK Liverekin batera, musika, kultura eta aniztasunarekin duten konpromisoari eusten diote.

Shygirl Presents Club Shy, Lewis OfMan, Alcala Norte, Gabrielle Kwarteng, Stivijoes, Alba Morena, Arcade Fire, Jungle, Massive Attack, The Prodigy, Underworld, Khruangbin eta Parcels taldeak iragarri dituzte aurtengo. JPEGMAFIA, Zoe Gotusso eta Bored Lord taldeen kontzertuak, berriz, bertan behera geratu dira.