GARA Euskal Herriko egunkaria
ESTATU FRANTSESEKO HAUTESKUNDEAK

Fronte Herritar Berriak boto-ontziak esperantzaz betetzera deitu du

Asanblea Nazionalerako hauteskundeen igandeko lehen itzuliari begira, mitin jendetsu eta beroa egin zuen atzo iluntzean, Ziburun, Fronte Herritar Berria koalizioak. Bertatik, kanpainan zehar sentitu duten sostengu zabala hautetsontzietara eramateko gonbidapena egin zuten seigarren hautesbarrutiko hautagaiek, aliantza osatzen duten alderdietako ordezkariek lagunduta.

Lehen lerroan, Marie Heguy-Urain, Peio Dufau, Sylviane Alaux eta Frederique Espagnac. (Guillaume FAUVEAU)

Ziburuko plazan uda giroa usaintzen da, eta ostatuen aitzinean, edalontzi baten bueltan, jende anitz bazen atzo iluntzean. Plazan ezarritako oholtzan Fronte Herritar Berriak (NFP) kanpainako euskarrietan darabilen kolore-aniztasunak argia ematen zuen, zeru grisaren azpian. Seigarren hautesbarrutiko hautagaiak, Peio Dufau eta Marie Heguy-Urain, txalo artean hartu zituzten ezkertiarren eta ekologisten aliantzak plazan antolaturiko lehenengo mitin horretan.

Bigarrenari egokitu zitzaion hitza hartzea lehenik. «Egun bakar batzuk baizik ez zaizkigu geratzen diferentzia egiteko», nabarmendu zuen ezpeletarrak. «Badakigu posible dela, eskura dugula alternatiba», gaineratu zuen. Lehenik GKE batean, ondoren hainbat elkartetan eta egun mugaz gaindiko kooperazioan jarduten duen hautagaiak hau adierazi zuen: «Fronte Herritar Berriak osaturiko hautagaitzaren bidez eragileekin elkarlanean nahi ditugu defendatu lurralde honen erronkak».

Hori esanda, ekainaren 30ean eta uztailaren 7an, Emmanuel Macronen gehiengoaren erabakien eta eskuin muturraren mehatxuaren aurrean, NFP aliantzak galdetzen duena «arduraren botoa» dela defendatu zuen.

Ingurumenari buruzko erronka eta emazteen aldeko politikak aipatuz, lurraldearen aldeko botoa aldarrikatu zuen. Peio Dufau hautagaiak berak jarraian egin zuen bezala, Fronte Herritar Berria «egoera aldatzeko esperantzarekin» lotu zuen Marie Heguy-Urainek ere.

EH Bai sostengatzen duen hautagaitzaren balioari heldu zion, plazan elkarturiko lagunen artean, Dufauk. «Kanpainan zehar bildu dugun sostengu anitza boto bilakatzeko ordua gero eta hurbilago dago» adierazi zuen, baikor, CGTko sindikalistak.

DENAK ELKARREKIN

Irudi batek hitzen indarra gainditu dezakeela erakutsiz, aliantza posible egin duten alderdi eta gizarte eragileen ordezkaritza zabala oholtzara igotzera gonbidatu zuen CGTko sindikalistak. Dozena bat lagunek babestu zuten bere hitz-hartzea, horien artean Sylviane Alaux Alderdi Sozialistako diputatu ohiak. Hark ordezkatu zuen hauteskunde-barrutiari dagokion eserlekua lortzeko lehiatuko da Dufau.

«Zinez kanpaina kolektiboa, positiboa eta eraikitzailea izaten ari da», gaineratuta ekitaldira bertaratu ziren lagunen txalo saio luzea jaso zuen.

Eremuz eremu herritar guztien bizitzak hobetuko dituzten politikak aitzineratzeko engaiamendua berretsi zuen Ziburuko udal kontseiluko kide Dufauk. Mitinaren aurkezpena egin zuen Leire Larrasa auzapezordeak historiaren hauspoa astindu zuen, 1936an hautatua izan zen Joseph Abeberri Fronte Popularreko kidearen memoria ohoratuz.