«DANA»
Azken egunetan fenomeno meteorologiko baten izena bolo-bolo dabil gure artean, «DANA» deiturikoa. Euskaraz, goi-geruzetan isolatutako depresioa litzateke. Baina zer da hau? Atmosferan, edo zehazki esanda, gu gauden atmosferako geruzan, hau da, troposferan, aire masa ezberdinak dabiltza jira eta buelta. Isobaren mapak agertzen direnean, lurrazaleko egoera agertzen da, baina iragarpenak egiteko garaian geruza ezberdinetako isobara mapak hartzen dira kontuan. Horietako bat 500 hpa, edo 5.500 metrotako isobara mapa da.
Gure hemisferioan zirkulazio orokorra mendebaldetik ekialderakoa da eta normalean antizikloiek eta borraskek hala egiten dute beren bidea. Baina batzuetan zirkulazio horretatik isolatuta gelditzen dira aire-masa hotz batzuk eta horiek dira “DANA”-k. Oso fenomeno kaotikoa da; hau da, oso zaila da bere kokaleku zehatza jakitea. Batzuetan egunean bertan jakiten dugu zer egingo duen.
Fenomeno honek normalean ekaitzak ekartzen ditu udan. Penintsula bero dago eta aire beroak hotzarekin talka egitean ekaitz hodeiak sortzen dira eta puntualki oso gogor bota ohi du.
Azken asteetan joera hori hartu du udak, eta eguraldiak joera zehatz bat hartzen duenean, ondoren aldatzea kostatzen zaio. Ea zer nola portatzen zaigun aurtengo uda.