GARA Euskal Herriko egunkaria

Akordioa hiru parking-ekin, Donostia trafikoz arintzeko


Donostiako Udalak eta Telepark enpresak, zeinak Kontxa, Okendo eta Bulebarreko parking-ak kudeatzen dituen, hainbat neurri adostu zituzten atzo erdialdeko trafikoa arintzeko helburuz.

Erdialdeko lurpeko aparkalekuek 3.000 auto inguru hartzeko gaitasuna dute, eta uda denboraldian autoak Donostiako erdiguneko kaleetan pilatzen dira, ordurako beteta dauden parking-etara sartu nahian. Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak azaldu zuenez, trafiko pribatuari garrantzia ematen zion hiri ereduaren ondorioak dira horiek.

Eredua aldatu nahi du Udalak, eta hainbat neurri adostu ditu Telepark enpresarekin. Hasteko, erdigunera kotxe gutxiago sar daitezen, aparkalekuetako tarifak %23 igoko dira udan.

Bestalde, aparkalekuek bizikleta, patinete, motozikleta edo antzeko ibilgailuei bideratuko dizkiete lekuen %5. Kontxako parking-a izango da neurri hau aplikatzen lehenengoa, eta 33 leku gordeko ditu ibilgailu alternatiboentzat.