GARA Euskal Herriko egunkaria

Testigantzak (II)


Mundu akademikoan, giza eskubideen inguruko ikasketen arloan, derrigorrezko irakurgai dira Weizmanek Londresen sortu zuen arkitektura forentseari buruzko programako lankideekin batera egindako txostenak. Nazioarteko epaiketetan gero eta gehiago jotzen dute Weizmanengana aholku eske. Azkenaldian, komunikabideen arreta ere lortu du Israelek palestinarren genozidioa zuritzeko darabilen propaganda agerian uzteagatik. Esaterako, urtarrilean okupazio armadak auto baten barruan zeuden Hind Rajab sei urteko neskatoa eta bere familiako zenbait kide nahita hil zituela berretsi du Weizmanen lantaldeak. Neskatoak Gurutze Gorrira egindako deiari erantzunez laguntzera abiaturiko anbulantzia ere berariaz bonbardatu zuten eta barruan ziren osasun langileak hil. Datuak ikaragarriak dira: okupazio soldaduek, guztira, 355 bala tirokatu zituzten Hind eta bere senideak zeuden autora. 355 bala. Ezin esan gaizki ulertzea izan zenik. Israelek, hala ere, horixe argudiatu zuen.

Sentimendu kontrajarriak eragiten dizkit arkitektura forentseak. Alde batetik, bere garrantziaz eta beharraz jabetzen naiz krimenen inguruko erantzukizuna eskatzeko orduan. Era berean, justiziaren mugak azalarazten ditu estatu eta estatuburuei dagokienez. Hind nork eta nola hil zuen ukatzerik ez dago orain. Aldatuko du horrek ezer?