Iraitz MATEO
SEXU ASKAPENAREN ETA LGBTIAQ+ KOLEKTIBOAREN HARROTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA

GENOZIDIOA AMAITZEA, LGBTIAQ+ KOMUNITATEAREN ALDARRIa

Ohiko koloreez gain, Palestinako banderaren gorri, berde, beltz eta zuriek bete zituzten Hego Euskal Herriko hiriburuetako mobilizazio jendetsuak. Izan ere, LGBTIAQ+ kolektiboak genozidioan harrotasunik ez dagoela aldarrikatzeko baliatu zuen ekainaren 28a. Eta zapalkuntza ororen aurrean altxatzen den komunitatea dela gogorarazi zuen.

Donostiako mobilizazioaren pankarta burua.
Donostiako mobilizazioaren pankarta burua. (Izena Andoni CANELLADA | FOKU)

”Zapalkuntza denen aurka transmaribollook Palestinarekin”, leloa zeraman atzo, Sexu Askapenaren eta LGBTIAQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna zela-eta, Donostian egindako mobilizazioak. Urteroko legez Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazio jendetsuak egin ziren, eta Palestinarekiko elkartasunak, eskubideen aldarrikapenak eta instituzio publiko zein erakunde pribatuen pinkwashinga-ren salaketak hartu zuten erdigunea.

Alderdi Ederretik abiatu zen mobilizazioa, batukadaren laguntzaz, eta orotariko aldarriei eman zieten bide manifestariek. “Ama, mesedez, egin zaitez bollera”, “Feminismorik ez transik gabe”, “Genozidioan harrotasunik ez”, Atzerritartasun Legeak jendea hiltzen duela...

Hilabeteko azken ostirala izaki, Donostiako Sarek bat egin zuen mobilizazioarekin, eta bere aldarrikapenek ere izan zuten tokia. Izan ere, Martuteneko espetxetik igorritako gutuna irakurri zuten mobilizazioa hasi berri egindako lehen geldialdian; bertan, espetxeak zein armairuak apurtzeko garaia dela aldarrikatu zuten Martuteneko presoek.

ELKARTASUNA

Urtero bezala, bandera koloretsuek eta askotariko aldarrikapenez osaturiko kartelek hartu zuten mobilizazioa, baina aurtengoan, Hego Euskal Herriko mobilizazio guztietan, Palestinako banderek eta genozidioa amaitzeko eskaerek indar berezia hartu zuten. Amaierako hitzartzean ere hala azaldu zuten: «Israelen genozidioa, islamofobia eta homofobia salatzeko gaude gaur hemen, eta horregatik batu gara Euskal Herriko militante transfeministak. Normaltasun zapaltzailea salatu eta palestinar erresistentziari gure elkartasun eta babes osoa adierazteko».

Israelek «inpunitate osoz» Palestina «masakratzen» jarraitzen duela salatu zuten, eta komunitate transmaribolloaren borrokaren «erabilpen tranpatia» egiten ari direla adierazi. «Erregimen sionistak transmaribolloon borroka instrumentalizatzen du haien helburu kolonialei aurpegia garbitzeko. Dikotomia faltsua egiten dute, Israel estatu liberal moderno eta lgtbi-friendly eta Palestinako basati homofoboen artean. Transmaribollook ez dugu Israelen gezurra sinesten», egin zuten oihu.

BESTELAKO DONOSTIA BAT

Transmaribolloen borroka zapalkuntza guztien aurkakoa dela nabarmendu eta eskainitako aukeren aurrean alternatiba dagoela azaldu zuten: «Badirudi gaur egun bi aukera besterik ez daudela: gure borrokarekin aurpegia zuritu eta etekin ekonomikoa atera nahi duen pinkwashing neoliberal hori ala gurekin bukatu nahi duen erregimen faxista. Aldiz, gu horren aurrean altxatzen gara esateko bagarela alternatiba».

Donostiako mobilizazioan, hiri ereduaren inguruan ere jardun ziren. Izan ere, zapalkuntzak elkarkorapilatuta egon ohi direla eta borroka transfeminista guztien aurrean altxatzen dela gogorarazi zuten. «Indar polizial arrazistek migratzaileei eraso egiten ez dien Donostia, sexu langileek eskubide guztiekin eta inolako estigma gabe lan egin dezaketen Donostia, borrokan egoteagatik preso sartu dituzten horiek gure alboan nahi ditugulako, gizonik eta emakumerik gabeko Donostia bat sortzen», egin zuten aldarri.

Eta gizon zein emakume kategoriekin amaitu nahi dutela gaineratu zuten, «bollera, marika, trans edo queer izatea hori baita, gizon eta emakume kategoriak apurtu eta zerbait hobea sortzeko borrokatzea», argitu zuten.

Bestalde, instituzio publiko eta erakunde pribatuengana ere zuzendu ziren: «Harro egoteko ez dugu zuen oniritzirik behar, harro gaude urteetako borrokagatik. Instituzioetatik ez ditugu keinuak behar, herritarren bizitzak duinduko dituzten benetako politikak behar ditugu. Han eta hemen banderatxoak jartzea adar jotze hutsa da».