Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
SAMBRE

«True Crime» eredugarria

Eredugarria iruditu zait “Sambre”; kasu errealak jorratzerakoan fikzioak eman dezakeen (eta eman beharko lukeen) guztiaren adibide aparta da. Benetako kasu hau 80ko hamarkadaren amaieran hasten da, Estatu frantseseko iparraldean, Maubege eskualdeko Samber ibaiaren ondoko errepide batean, gizonezko batek emakumezko bat bortxatzen duen unean, zehazki. Poliziaren utzikeria eta mespretxuarengatik, errudunak aske jarraituko du, eta eraso bakana zirudiena, patroi bera erabiliz, etengabe errepikatzen hasiko da: 50 bortxaketa baino gehiago izan ziren.

Ikerketa 80ko hamarkadan hasi eta 2018ra arte luzatu zen. Hogeita hamar urtean baino gehiagoan garatutako istorio honetan gizartearen, erakundeen eta biktimen bilakaera ikusiko dugu. Sistemaren akatsak, zabarkeriak eta mespretxuak agerian geratuko dira.

Kronika oso zehatza osatu du Lestradek; sotila bezain gordina, biribila bezain aseptikoa, morbotik zein sentsazionalismotik ihes egiten duena, eta biktimak narrazioaren erdigunean kokatzen dituena. Atal bakoitzak ikerketaren garapenean funtsezkoa izan zen pertsona bat du ardatz, eta gidoiaren egiturak “nor izango ote da kriminala?” galdera hasieratik saihesten du: erasotzailea hasieratik ezagutuko dugu. Bortxatzailearen ekintza kriminalak, gainera, ez ditu inongo momentutan erakusten, eta haren ondorio latzak baino ez ditugu ikusten. Nola izan zen posible, hain eremu txikian, 30 urtez gizon batek 50 emakume baino gehiago bortxatzea? Galdera horri erantzuten saiatuko den miniserie biribila osatu du Lestradek, eta bortxaketaren kultura gure sisteman zergatik dagoen hain errotuta erakusten du. Harribitxia, aparta, iruditu zait.