Jon ORMAZABAL
OFIZIALTASUNAREN ALDEKO ALDARRIKAPENA PILOTAN

Euskal selekzioaren sua hauspotu, Frantzia eta Espainiakoari uko eginda

Pilotako Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren bidea blokeatuta dagoela ulertuta, eta su hori nolabait hauspotu asmoz, Bidasoaren bi aldeetako zenbait pilotarik Espainiako eta Frantziako selekzioei uko egin dietela jakinarazi zuten atzo publikoki, Hendaiako Beltzenia pilotalekuan, haiei babesa eta elkartasuna ematera gerturatutako pilotari, epaile eta pilotazaleen aurrean.

Frantzia eta Espainiarekin aritzea uko egin dioten pilotarien ordezkaritza bat, atzean babesa ematera joandakoak dituztela.
Frantzia eta Espainiarekin aritzea uko egin dioten pilotarien ordezkaritza bat, atzean babesa ematera joandakoak dituztela. (Guillaume FAUVEAU)

Iazko Biarritzekoaren ostean, beste Munduko Euskal Pilota Txapelketa bat jokatuko da Euskal Herrian aurten, 22 urtez azpikoa Iruñean, eta Lapurdikoan bezala, Nafarroakoan ere euskal pilotariak Espainia edo Frantziako selekzioarekin parte hartzera behartuak izango dira, euskal selekzioak ofiziala izan gabe jarraitzen baitu, iazko udazkenean Mexiko Hiriko ahalegin antzuaren ostean. Egoera horrekin konforme ez, eta atzo Hendaian bere erabakia publiko egin zuen pilotari taldeak uko egin dio Frantzia eta Espainiarekin lehiatzeari, horrek euren ibilbidean ekar diezazkiekeen traba eta oztopoak bere eginda.

Pauso hori ematerakoan ez ziren bakarrik egon, eta Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak deituta, haiei sustengua ematera bildutako pilotari eta pilotazaleez gain, aurretik ere erabaki bera hartutako beste kide batzuk izan zituzten aldamenean. Ukoa egin duten pilotariek “Ez Frantzia, ez Espainia, gurea Euskal Herrikoa da!” leloa zeraman pankartari eutsi zioten, eta atzean babesa ematera joandakoak jarri ziren, “Ofizialtasuna” aldarrikatzen zuen pankartaren ondoan.

Ekitaldiari hasiera emateko, bi dantzarik aurreskua dantzatu zieten erabakiaren berri eman duten pilotari gazteei -zerrendarik eta izenik ez ematea adostua zuten, baina aurretik eta orain uko egindakoen artean 50 inguru dira-, eta jarraian Amaia Larraldek, uko egin dion pilotarietako batek, eta Ekhi Ziarrustak, pauso hori aurretik emana zuenak, bost puntuko komunikatua irakurri zuten.

«Gaur egun gure herriari, Euskal Herriari, ez zaio aitortzen selekzio propioa izateko duen eskubide kolektiboa. Horren ondorioz, oro har, euskal pilotariok nazioarteko txapelketa ofizialetan ezin dugu parte hartu Euskal Herriko selekzioarekin eta gainera, diziplina federatiboa dela eta, txapelketa horietan parte hartzekotan, Euskal Herriak bereak sentitzen ez dituen koloreekin egin beharko genuke, hau da, Espainia eta Frantzia ordezkatuz», zioen irakurritako lehen puntuak.

Egoera kokatu ostean, euren aldarrikapenak plazaratu zituzten. «Guk, euskal pilotariak garenez, gure nazioaren koloreekin eta gure ereserkiaren doinupean lehiatu nahi dugula aitortzen dugu. Beraz, Euskal Herriko selekzioak nazioartean eta txapelketa ofizialetan parte hartzeko duen eskubide kolektiboan eta indibidualean oinarrituta, zazpi herrialdek osatzen duten Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzen dugu», aipatu zuten.

EKARPEN PERTSONALA

«Gu ez gara ez frantziarrak ez espainiarrak sentitzen, euskal herritarrak baizik. Ondorioz, ekarpen pertsonal gisa, bi selekzio horiei uko egitea erabaki dugula jakinarazten dizuegu», azaldu zieten Hendaiako Beltzenia pilotalekuan bildutakoei eta, bide batez, Euskal Herri osoari.

Sustengua ematera joandako horiek gogoan izan zituzten laugarren puntuan. «Eskerrak eman nahi dizkizuegu gure erabakia errespetatu duzuen eta babesa ematera gaur hona inguratu zareten guztioi. Harro sentitzen gara zuen presentziarekin».

Eta amaitzeko, lanean jarraitzeko deia luzatu zieten ofizialtasunaren bidean euren aletxoa ipini dezaketen guztiei. «Azkenik, dei zabala egiten dugu, hemendik, pilota elkarte, federazio, pilotari, epaile eta euskal pilota maite duen orori elkarlanean egin ditzagun urratsak euskal gizartearen gehiengo handi batek aspalditik amesten duen euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna lortzeko».

Jarraian, Mikel Larraldek eta Martxel Toledok, ekimena antolatzen ibili direnetako bik, ekitaldiaren balorazioa egin ziguten. «Pentsatzen genuen jendea etorriko zela, baina azken egunetan izan ditugu oztopoak, gehienbat federazioen aldetik: Euskadikoa eta, harekin batera, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Iparraldekoa. Gure gaia ez dutela sustengatzen esan digute, oztopoa izan gintezkeelako Euskadikoa Nazioartekoan onartzeko bidean. Batez ere, Iparraldekoak jarri ditu oztopoak, ezetzaz harago, klub guztietara bere ezezko erantzuna zabaldu baitu. Helburua, pentsatzen dut, guri kalte egitea zen, baina gaur borobil atera zaigu, oso pozik gaude», adierazi zuen Larraldek.

Martxel Toledok, bere aldetik, gaineratu zuen baikorrak direla. «Jendeak erantzun du, baina hemen ez da ezer bukatu, hasi egin da. Aspaldiko borroka da: 90eko Munduko Txapelketan, Kuban, euskal selekzio bezala desfilean izan ginen, handik hona ez da ezer egin, baina hainbat urtetako borroka horrek emango du fruitua. Horretarako, hala ere, inplikazioa eskatzen dugu. Batez ere, instituzio, pilota federazio, elkarte, alderdiei... Finean, arazoa ez da juridikoa, politikoa baizik. Alde horretatik, borrokatzen jarraitu behar dugu, eta, aipatu bezala, denok batera egiten badugu, epe laburrean helburua lortuko dugula amets egiten dugu».

EH BILDU ETA EH BAI

Lehen balorazio politikoak laster heldu ziren, eta EH Bilduk eta EH Baik babesa eta elkartasuna adierazi zieten pilotari horiei, eta bat egin zuten euren aldarrikapenekin, uste baitute «Euskal Herria nazioa dela eta eskubidea duela nazioarteko lehiaketa guztietan bere selekzioarekin ordezkatua izateko».

Gaineratu zutenez, «dagoeneko 17 hilabete igaro dira Espainiako Estatuan Kirolaren Legea onartu zenetik. EAJ pozik agertu zen orduan, lege aldaketa horrek euskal pilota eta surf selekzioek nazioarteko txapelketa guztietan ofizialki parte hartzeko aukera ematen zuelako. Euskal pilotaren kasuan, Euskadiko Pilota Federazioak urratsak egin ditu Nazioarteko Federazioan, baina Espainiako eta Frantziako federazioen oztopoekin topo egin du, eta horrek eragotzi egin du euskal selekzioaren ofizialtasuna errealitate bihurtzea». Horregatik, lanean jarraitzeko konpromisoa hartu zuten bi indar politikoek.