Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Ezko asko!

Hiru aste, planetako urruneko mendialdeetan, ur kontuetan eginda, Internet bidaide izan barik, bueltan nagoela bertoko albisteen egarri izan eta, hara! patxadaz jesarri eta mahaiaren izkinan ordenan pilatuta izan diren egunkariei begirada arina ematen hasi naiz ganoraz. Arinegia beharbada begirada, ez dut bada pentsatu moja klaratarrak Boliviako estatu-kolpe antzeko zer horren atzean izan direla! Ama, ama!

Europako hauteskundeak ere izan dira tartean; nik botoa aurretik neukan emanda, lasai abiatzeko. Total, emaitzei erreparatuta, ulertzekoa da jelkideek eta jeltzaleek, bat eginik, Osakidetza birbideratzeko azken boladan agertu duten interesa. Antza, Entzunez Eraiki prozesuak ez du eman esperokoa eta Otorrinolaringologia zerbitzua guztiz berritzea nahi dute, eta, zeinek jakin! Segurtasun sailburu izandako baten bat buru jarriko ote dute? Kapaz! Dena dela, ezko asko atera beharko dute belarrietatik… ia zer erabilera berri ematen dioten horri, ekonomia zirkularraz baliatuta!

Eta Osakidetzatik atera barik, lehen mailako arretako zentroek udan murrizketak izango dituztela irakurri dut nonbait. Ulertzekoa da, jakina, udako bero ofiziala berez osasuntsua delako… Are gehiago, klima aldaketak dakarren beroketa globalarekin, murrizketak urte osora zabaltzea espero daiteke, betiere Otorrinolaringologia murrizketetatik kanpo utzita, prefostia!

Horra! Bidasoako alde bietako traktoreek muga itxi zutela ere irakurria dut. Mugak nahi dituzte traktoredunek, kontinentetik kanpotik inportatzen diren elikagaiei mugak jarri, hain zuzen eta hain justu! Lekuan lekukoa lehenetsita! Eta hiriak ortura eroanda! Bada hori, traktoreek kamioi-ilarak sortu zituzten muga inguruan… Nik neuk hori nahiago elikagai-kamioek traktore-ilarak sortzea baino! Bada, izan, alderik!