GARA Euskal Herriko egunkaria

Hamar erronka finkatuta, erreforma fiskalerako bide-orria du Gipuzkoak

Gipuzkoako Batzar Nagusietako ponentziak zerga erreformari buruz egindako txostenean, zaintza zerbitzu publikoak indartzeko eta horiei buruzko eztabaida irekitzeko beharra azpimarratzen da, eta etxebizitza eskuragarria izan dadin lan egiteko jarrera berresten. Guztira, hamar erronka identifikatu ditu.

Gipuzkoako errenta aitorpenaren kanpainako irudia. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Erreforma fiskala egiteko Gipuzkoako ponentziak behin-behineko ondorioen txostena ezagutzera eman zuen atzo. Hamar erronka identifikatu ditu, eta hainbat eztabaida ireki. Zaintza zerbitzuetara inbertsio gehiago bideratzeko beharra azpimarratzen du.

EAEko erreforma fiskalaren oinarri izango da Gipuzkoako Batzar Nagusiek fiskalitate «justu eta progresibo» bat adosteko abiatu zuten ponentziaren ondorioen txostena. Asteon zuzenketak aurkezteko aukera izango dute taldeek, eta uztailaren 15ean onartu daiteke. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak atzo adierazi zuenez, urte honen bukaerarako erreforma martxan jarriko duen foru araua onartzea espero dute.

Txostenak finkatzen duen helburu orokorra da «zerbitzu publikoak indartzea, aberastasuna birbanatzea, enplegua sortzea eta Gipuzkoako ahalik eta biztanle gehienentzat ongizate estandar duinak lortzea». Horrela, errenta guztiek PFEZn duten tributazioa aztertu behar dela dio, errenta txikienetan tributazio txikiagoa izateko, horrela zergaren progresibitatea sendotuz. Gainera, kenkari fiskalak aztertuko ditu, gehien behar dutenek jasoko dituztela bermatzeko.

Sozietate Zergari dagokionez, enpresek dituzten kenkarien azterketa egingo da.

ETXEBIZITZA

Gipuzkoarrek duten kezka nagusietako bati egiten dio erreferentzia txostenak: etxebizitzari. Prezioak altuak direla onartuta, gipuzkoarrek «etxebizitza eskuragarria izango dutela bermatzeko ahaleginak» egin behar direla dio, kolektibo zaurgarriak eta gazteak azpimarratuz. Hala, epe luzera, alokairuko etxebizitza publikoen eraikuntza bultzatu behar dela esaten du, «dagoen eskaerari erantzuteko behar besteko parke zabala izatea lortu arte». Eta, epe laburrean, hutsik dauden etxebizitzak merkatuan sartzeko aukera planteatzen du.

Erronka demografikoa ere begiz jota du ponentziak, eta honen inguruan «hausnarketa» zabaldu nahi du, baloratzeko konponbidea gastu politiken eskutik, zerga politiken eskutik edo bien arteko konbinazio batetik etorriko den.

Aipatzen ditu, baita ere, talentua erakarri beharra, ikerketan eta garapenean inbertsioa handitzea eta fiskalitate berdea aplikatzea, Europako Itun Berdea bete dadin.

GENERO BERDINTASUNA

Genero desberdintasunak murrizteko neurriak ere jasotzen ditu. Onartzen du lurraldeko zerga sistemak ez duela sexuen arteko bereizketarik egiten, eta, beraz, ez duela laguntzen desberdintasunak murrizten. Areago, aitortzen du fiskalitateak generoarekiko «itsu» jokatzen badu, «genero arau sozialak eta emakumeen pobrezia» indartzen dituela.

Hori dela eta, erreforma fiskala genero desberdintasunak murrizten laguntzeko tresna gisa erabiltzea adostu da ponentzian. Besteak beste, planteatzen du zergaren indibidualizazioan oinarritutako eredu baterantz egitea eta, behar denean, emakumeen alde diskriminazio positiboko neurri fiskalak aktibatzea.

ZAINTZA SISTEMA

Biztanleriaren zahartzearen ondorioz, datozen urteetan hazi egingo da gizarte zerbitzuen eskaera eta txostenak berariaz aipatzen ditu zaintza zerbitzuak hamar erronken zerrendan. «Epe ertain eta luzera», sektore horretara baliabide ekonomiko gehiago bideratu beharko dela adostu du ponentziak. Inbertsio sozial horri aurre egiteko, «herrialde mailako akordio handia» behar dela aipatzen da, «foru aldundiek eta udalek, beren kabuz, ezin izango dietelako beti eta edozein egoeratan erantzun gizarteak planteatzen dituen beharrei».

Gainera, «nahi diren Gizarte Babeseko Sistemaren eta Gizarte Zerbitzuen bideragarritasunari eta iraunkortasunari buruz» eztabaida «lasai eta serio» bat ireki behar dela ondorioztatu du ponentziak. «Ez da baztertu behar arlo horrek pisu handiagoa izatea dauden baliabide guztien artean», dio txostenak.