GARA
DONOSTIA

Udaren hasierarekin, langabeziaren beheranzko joera apur bat apaldu da

Ekainean, udaren hasierarekin, langabeziak beheranzko joerari eutsi dio Hego Euskal Herrian, nahiz eta jaitsiera apala izan den. Momentu honetan 135.379 langabe daude, maiatzean baino 822 gutxiago, baina Nafarroan eta Araban bakarrik izan da beherakada. Iazko epe berdinarekin alderatuta, ordea, bestelakoa da egoera: 735 pertsona gehiago daude langabezian.

Lanbideren Eibarko bulegoa.
Lanbideren Eibarko bulegoa. (Raul BOGAJO | FOKU)

Apirilean eta maiatzean bezala, uda hastearekin batera, langabeziak beheranzko joerari eutsi dio Hego Euskal Herrian, nahiz eta apaldu egin den jaitsiera, Espainiar Enplegu Ministerioak emandako datuen arabera.

Ekainean, guztira 135.379 lagun zeuden enplegurik gabe, maiatzean baino 822 gutxiago. Aurreko bi hilabeteekin alderatuta, jaitsiera askoz apalagoa izan da, eta Araban eta Nafarroan bakarrik gauzatu da; Bizkaian eta Gipuzkoan langabe kopurua hazi egin baita, gutxi bada ere.

Nafarroan jaitsi da gehien langabezia; maiatzarekin alderatuta, %2,58. 29.012 langabe zenbatu dituzte herrialde horretan, 767 gutxiago.

Araban ere behera egin du: guztira 17.914 langabe daude, 167 gutxiago (-0,92%).

Aldiz, langabe kopurua hazi egin da Gipuzkoan eta Bizkaian, 92 eta 20 langabe gehiagorekin, hurrenez hurren. Orotara, 28.206 langabe daude Gipuzkoan eta 69.247 Bizkaian.

Urtekako eboluzioari erreparatuta, ordea, joera bestelakoa da, eta, lau herrialdeak batuta, iazko ekainetik aurtengora langabe kopuruak Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin duela diote datuek. Zehazki, 735 pertsona gehiago daude egun lanik gabe.

Hala, Araban %3,40koa izan da beherakada (630 langabe gutxiago) iazko ekainetik, eta Nafarroan %0,86koa (-253). Gipuzkoan %2,23 hazi da (616 langabe gehiago) eta Bizkaian %1,69 (+1.002).

GIZARTE SEGURANTZA

Bestalde, Gizarte Segurantzan 560 afiliatu berri zenbatu ziren ekainean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (+%0,05), eta, horrela, kide kopurua 1.019.773ra igo da, marka berria ezarrita.

Nafarroan 82 afiliazio gehiago izan dira (+%0,03); 311.346 kide daude guztira.

Kontratazioari dagokionez, ekainean 69.623 kontratu berri sinatu dira EAEn, baina horietatik soilik 14.750 (%21,19) izan dira mugagabeak.

Nafarroan, berriz, 24.113 kontratu sinatu dira ekainean, iazko hilabete berean baino %11,94 gutxiago. Horietatik 5.285 kontratu (%21,9) mugagabeak izan dira eta 18.828 aldi baterakoak (%78,08).

ERREAKZIOAK

Elma Saiz Gizarte Segurantzako espainiar ministroak eta Yolanda Diaz Lan ministroak enpleguak Estatuan izan dituen datu positiboak azpimarratu zituzten eta langabe kopurua 2008tik baxuena dela nabarmendu zuten atzo. «Datuek erakusten dute bide onetik goazela», adierazi zuen Lan ministroak.

Sindikatuek, ordea, bestelako iritzia dute. ELAren ustez, ekaineko langabeziarenak «ez dira datu positiboak, jaitsiera aurreko urteetakoa baino askoz txikiagoa izan baita». Ohar batean nabarmendu zuenez, «enpleguaren kalitatea ez da ona, behin-behinekotasunaren gorakadak erakusten duen bezala; ekainean, bost kontratutik ia lau behin-behinekoak izan ziren».

LABek ere agertu zuen iaz epe honetan baino herritar gehiago daudela lanik gabe, eta langabeziak egoera zaurgarrian dauden kolektiboen artean egin duela gora, hala nola gazte, emakume eta langile migratuen artean. ELAk bezala, sortzen ari den enpleguaren kalitatean arreta jartzea beharrezkoa dela esan zuen.

Nafarroako CCOOk lurralde horretan lan merkatuaren bilakaerak izan duen portaera «ona» txalotu zuen, baina langabeziaren beherakadak «enplegu hobeak» eta desberdintasunen aurkako «babes handiagoa» ekarri behar dituela nabarmendu zuen.