GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren lorratzak


Lorratzei botako diet begirada inolako lorraldirik gabe. Beti ibili naiz kantuen lorratzean, peskizan, ehizan. Kantu eta single biribilen bila, zelatan lasaitasunean, atezuan bizitzeke. Aldian-aldian, barrandatzeke, abestiak nahi gabe iristen zaizkigu belarrira norberaren gogoaren aurka, eta, konturatu orduko, bidea irekitzen dute burmuinean. Lorratz horiek sendotu egiten direnean, kantuek oinarria eraiki dute gure hipotalamoan, eta nekez botako ditugu gure kantutegiko zerrendatik. Ez dira sartu dardarizoaren ate nagusitik, zabalik geneukan nano-zirrikitutik pasatu dira konbentzitzera, eta gero kantu horien beharra barrenean dugu.

Ez ginateke hemen, gutxienez 1960ko hamarkadatik honako musika-arbasorik gabe. Haiek ekarri gintuzten musikaren mundura. Aurreko hamarkadetan izan diren talde eta musikari haien seme-alabak gara, lorratz horiek ditugu gorabehera guztiekin. Gusturako edo disgusturako. Nola baldintzatzen gaituzte atzoko musiken arrastoek, lorratzek? Hainbat faktore hartu behar izango dugu kontuan gaur garen (dugun) euskal musika horri erantzuteko. Beti dago arriskua norberaren buruari esateko «ez gelditu inoiz, ezta pentsatzeko ere». Hemengo prentsan kubatar bati egindako elkarrizketa batean irakurri nuen Kataluniako nova cançók Kubari zor ziola lorratza, eta “euskal kantagintza berriak” Laboarekin nova cançó zuen oinarri. Egokitzen zaigunarekin aurrerako ihesaldiarekin ez goaz hausnarketaren lorratzei begiratzera. Lepoan hartu eta segi aurrera, behatzera.