GARA Euskal Herriko egunkaria
EL BUS DE LA VIDA

Bizitzaren patua


Oorain dela lau urte, 2020ko martxoaren 20an zehazki, Dani Rovirak minbizia zuela iragarri zuen sare sozialetan. Egoera horri aurre egiteko bere tresnarik eraginkorrena erabiltzen hasi zen: umorea. Komunikabideetan eta sareetan umorea helduleku gisa erabiliz, minbiziaren inguruan askatasunez eta naturaltasunez hitz egiten hasi zen 44 urteko aktore eta umoregile andaluziarra. Urte bereko abuztuan iragarri zuen tratamendua bukatu zuela eta dagoeneko sendatuta zegoela. Ez da harritzekoa, beraz, Ibon Cormenzana bilbotarraren “El bus de la vida” filmean parte hartu izana, gaiarekin lotura zuzena duen pertsonaiaren rola jokatuz. 40 urteko musika irakasle bat, Andres, gorpuzten du; Madrilen duen bizitza atzean utzi eta Euskal Herrira -Urduñara- etorriko da institutu batean libre geratu den plaza betetzeko. Hara iristean, lehen eskola-egunean, zorabiatu eta belarrian mina sentitu ostean minbizia duela esaten dio medikuak. Tratamendua jasotzeko, Bilboko ospitalera joan beharko du “El bus de la vida” izeneko autobus zahar batean: inguruko paziente guztiak doan eramaten dituen autobusa da. Antzezteko proposamena iritsi zitzaionean, Dani Rovirak ez zuen argi izan. «Zalantza asko sortu zitzaizkidan, ez nekien egin ala ez, ez nekien prest nengoen halako proiektu bati aurre egiteko, non nire barneko zenbait prozesu berpiztu behar nituen», azaldu zuen Rovirak. Filmatzen ari ziren bitartean, aktoreari kosta egiten zitzaion emozio batzuekin konektatzea: «Nire garunak etengabe esaten zidan hau jada pasatu zela».

Ibon Cormenzana bizkaitar zinema gidoilari, ekoizle eta zuzendariaren seigarren film luzea da. Dani Rovirarekin batera, euskal aktore ugari topatuko ditu ikusleak: Susana Abaitua, Elena Irureta, Amancay Gaztañaga eta Jose Ramon Soroiz, besteak beste. Soinu banda Paula Olaz iruindarrak konposatu du eta talde ezagunen abestiekin ere apaindu dute narrazioa: Chill Mafia, Rigoberta Bandini, Kase O eta Los Chikos del Maiz, esate baterako. Urduñan (Bizkaia) filmatu dute pelikula, Ibon Cormenzana eta Eduard Solaren gidoi batetik abiatuta, benetako istorio batean oinarrituta dagoena.