07 JUL. 2024 AMERIKETAKO ESTATU BATUETAKO HAUTESKUNDEEI BEGIRA Biden ez bada, nor? (Eta nola?) Joe Bidenek beste hautagai demokrata baten mesedetan bazterrera egin dezala eskatzen duten ahotsak ez dira itzali, eta hedabide askotan gai nagusi bilakatu da. Dena den, egungo presidenteak jarraitzeko motiboak bat baino gehiago dira, eta funtsean, galdera nagusia Trump, eta Trumpek agindutako hondamendia, nola geldiarazi da. Bitartean, hautagai errepublikanoa inoiz baino isilago dago. (Mandel NGAN | AFP) Urtzi URRUTIKOETXEA Bidenek bazterrera egin dezala eskatzen duten ahotsak, beste presidentegai demokrata bat aurkezteko diotenak, ez dira itzali. Etxe Zuriko bizilagunak ABC kateko George Stephanopoulosekin egin duen elkarrizketaren zati bat argitara eman dute (gaur emitituko da osotasunean), eta AEBetako presidenteak lehian jarraituko duela berretsi du. CNN, New York Times eta beste hedabide garrantzitsu batzuetan gai nagusi eta ia bakarra bihurtu da azken aste eta erdian. Bidenekiko esker ona agertzearekin batera, Donald Trumpi irabazi diezaiokeen hautagai bat behar dutela diote aditu batek baino gehiagok. Baina oso prozesu zaila da, eta ia ez dago astirik. Joe Bidenek hautagai jarraitzeko motiboak bat baino gehiago dira: lehenengoa, bera da karguan dagoena, eta ia beti, presidenteak zortzi urte egiten ditu jarraian. Hautagai berri batek ez luke Etxe Zuriko bizilagunak -edozein alderditakoa dela- berez daukan abantaila hori izango. Titular handien eta oihu, zarata eta gezurren artean, ez da ahaztu behar Bidenek harro defendatu dezakeen balantzea dakarrela: pandemian zen nazio baten agintea hartu zuen, langabeziarik ez duen eta ekonomia oso indartsu doan herrialde bihurtu du, eta Kongresuan daukan esperientziarekin lege garrantzitsuak aurrera ateratzea lortu du, ingurumenean eta ekonomian, kasu. Milioika herritarren unibertsitate-zorrak kentzea lortu du. Hautagai berriak, Bidenen balantzea defendatuta ere, horretarako gai ote den frogatzea faltako luke. Horrekin batera, Trumpi irabazteko eta mehatxu autoritarioa geldiarazteko gai ote den. Bidenek egin du, behin; gainerakoek ez. Funtsean, galdera nagusia hori da, nola geldiarazi Trump eta Trumpek agindutako hondamendia. BOTO-PAPERAK “TICKET” IZATEAK, PRESIDENTE ETA PRESIDENTEORDE IZATEKO HAUTAGAIEN IZENEKIN, pentsarazten du logikoena ardura hori Kamala Harrisek hartzea litzatekeela. Baina arazo bat baino gehiago daude horretarako: onarpen-indizeetan ez ditu oso emaitza onak, hasteko. Horri guztiari misoginia puntu bat gehituta, eta emakumeek lan publikoan izaten duten azterketa zorrotza -gizonena baino askoz zorrotzagoa-, maldan gora jartzen zaio kanpaina. Ezin ahaztu Harrisek Etxe Zuriko lanik deseroso eta esker txarrekoenak egin behar izan dituela, immigrazioarekin lotuta batez ere; errepublikanoek berehala joko lukete bere aurka. Egunotan zenbait gobernadoreren izenak aipatu dira, baina hor ere bada arazo bat: besteak beste, pertsona horiek ez direla Biden edo Harris bezain ezagunak estatubatuar arruntarentzat, eta beraz, ezagutarazteko lan erraldoia beharko litzateke oso aste gutxian. Horrez gain, Kamala Harris baztertzen dela uler liteke, haren txanda iritsi denean bazterrean utzi dela. Kaliforniako Gavin Newsom da ezagunena ziur aski. Bere estatutik kanpo egin dituen ekitaldi eta elkarrizketei begira, argi dago edozein unetan zelaira irteteko prest dela, bazterretik beroketa-ariketak egiten baitabil. Baina Harris eta Newsom ezin dira “ticket” berean egon, biak Kaliforniakoak izanik. Edozelan ere, ez da ahaztu behar konbentzio demokratan ordezkari gehien Kaliforniak bidaltzen dituela (%22) eta, beraz, handia da kaliforniar bat boto-paperetan egoteko aukera. Gretchen Whitmer Michiganeko gobernadorearen izena ere bolo-bolo dabil. Karisma handia dauka, abor- tu-eskubidearen aldeko defendatzaile irmoa da, eta era berean jakin izan du estatuko kongresuan errepublikanoekin lan egiten. 2016an Trumpek eta 2020an Bidenek irabazi zuten estatu industriala da Michigan, AEBetan arabiar eta musulman biztanle kopuru handiena dauka, eta Gazako gerrak eragin handienetakoa du. Otsaileko primario demokratetan, Michiganeko botoen %13 (ehun mila baino gehiago), uncomitted edo konpromiso gabeak izan ziren, eta ondorioz, 37 ordezkari izango dira Chicagoko konbentzioan abuztuan Bidenen alde egiteko konpromisorik gabe. Coloradoko Jared Polis, Illinoiseko JB Pritzker eta Pennsyilvaniako Ed Shapiro gobernadoreak ere kinieletan agertu dira. Sakoneko arazo bat dago, horratik: Biden ez da presidentea bakarrik, primarioak ere berak irabazi ditu (ia ez baita beste inor aurkeztu, noski). Beraz, bazterrera egin eta Kamala Harrisi emango balio lekukoa, gainerakoak behartuta leudeke hura babestera. Bidenek inor hautatuko ez balu, prozesu irekia litzateke, baina ia ez dago astirik, eta alderdiaren batasuna leher liteke. Edozelan ere, ez litzateke herritar demokratek bozkatutako hautagai bat izango, konbentzioan gehiengoa lortuta ere. Bitartean, Donald Trump inoiz baino isilago dago; epaileek albiste on ugari eman berri dizkiote, eta beti da komenigarria, norberak dakarren arris- kuan jarri beharrean fokua, aurkariaren gainbehera eta zatiketa erakusteko baliatzea. Harris eta Newsom ezin dira ‘ticket’ berean egon, biak Kaliforniakoak izanik. Edozelan ere, ez da ahaztu behar konbentzio demokratan ordezkari gehien Kaliforniak bidaltzen dituela (%22) eta, beraz, handia da kaliforniar bat boto-paperetan egoteko aukera