GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Urdaibai eta Arraun, menderaezin; Donostiako olatuetan ere trebeenak

“Bou Bizkaia” eta “Lugañene”, gaur-gaurkoz, garaiezinak dira. Une oso gozoan daude, ligako lehendabiziko hiru banderak poltsikoratuta, bai eta denboraldi aurreko hiruak ere (Bizkaia eta Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiakoak). Sailkapen nagusian tarteak irekitzen hasiak dira dagoeneko.

Urdaibaiko eskifaia, Gorka Aranberri patroi, ziaboga batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Olatua alde daukagu eta hori aprobetxatzen saiatzen ari gara», esan zuen Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiak. Nagusitasun itzela erakutsi zuten atzo, Donostiako XVI. Bandera Fabrikaren lehian. Olatu aparretan daude bermeotarrak, baita Arraun Lagunak ere, Euskotren ligan jokatu diren hiru banderak indartsu astinduta.

Garaipen ezberdinak izan ziren. Nola ez, garaipen guztiak dira ezberdinak, nahiz eta banderatik banderara badagoen antzekotasunik. Atzokoan, “Bou Bizkaiak”, baina, hasieratik eman zuen guztia, «horrelako itsasoarekin ezin baitzara atera ea zer gertatu daitekeen pentsatzen», hirugarren edo laugarren luzeraino indarrak gordetzen, alegia. Sarri esan ohi da, poparean, azken luzean, motorra legez aritzen dela Urdaibai, eta Donostian, Eusko Label ligako laugarren estropadan, proan ere aldeak ireki zituen. 15 segundo atera zizkion Zierbenari lehen ziabogan, eta aldeak areagotzen joan ziren batetik bestera, bukaeran 19koa izan arte. Aranberrik adierazi zuen bere eskifaiak, inkontzienteki, tentsio apur bat askatu zuela, baina lortu zuela, azkenean, berbideratzea.

Ohorezko txandan aritutakoek beraien postua mantendu zuten gaurko estropadarako, Lekittarra gogoarekin geratu zela. Isuntzak estropada txukuna egin zuen, baina, “Bou Bizkaiak” ohorezko txandan jarritako erritmoari jarraituta, lekeitiarrek baino denbora hobea egin zuten Zierbena, Hondarribia zein Oriok.

TOLOSALDEA, AUSART

Arraun Lagunak ere dena irabazteko anbizioz dago. Haizearen hauspoa izan zuen lagun proan, Oriori 11 segundoko tartea iraulita. Poparean, Tolosaldeak ausart jokatu zuen, olatua hartu eta “Lugañenerekin” parez pare jarrita, 600 metroren faltan. Azken txanpan, baina, Astudilloren gidaritzan, berbideratu zen Arraun Lagunak, une oro lehenengo kale gaiztotik aritu bazen ere. Tolosaldearen atzetik sartu ziren Orio eta Donostiarra. Cabo, Hondarribia, Tiran eta Hibaikak, hurrenez hurren, osatu zuten sailkapena.