GARA
GIROA 2024

Elisa Longoren pedalkada indartsuak nabarmendu dira erlojupeko proban

Emakumezkoen Giroa hasi zen atzo, Brescian, erlojupekoaren kontrako probarekin. 15 kilometroak osatzen azkarrena Lidl-Trek taldeko italiarra izan zen eta beraz, sailkapen nagusian lider dago. Usoa Ostolaza izan zen euskaldunik onena.

Elisa Longo Borghini, podiumean, Giroko lehen etapan garaile aterata.
Elisa Longo Borghini, podiumean, Giroko lehen etapan garaile aterata. (GIRO D’ITALIA)

Annemiek Van Vleuten herbeheretarra falta dela -azken urteetan emakumezkoen txirrindularitzan agintzen zuena-, garaipen aukerak asko zabaldu dira, nahiz eta SD Worx taldea, Demi Vollering-en bitartez, saiatu den erabateko nagusitasuna ezartzen. Aurten, orain arte, Suitzako Tourra, Burgoseko Itzulia, Euskal Herriko Itzulia, Espainiako Vuelta irabazi ditu Vollering-ek. Aurtengo Giroan, baina, Lotte Kopecky-rekin lehiatuko da Herbehereetako taldea eta, beraz, a priori, lasterketa irekiagoa izan daitekeen zantzuak daude.

Lehendabiziko etapa jokatuta, aurreikuspen horiek bete dira, Elisa Longo Lidl-Trek taldeko txirrindulariak irabazi baitzuen 15 kilometroko erlojupekoa, Brescian jokaturikoa. Ozta-ozta ez zuen hobetu italiarraren denbora Grace Brown (FDJ) australiarrak, segundo batera geratu baitzen. Bere herrikide Brodie Chapmanek (Lidl-Trek) osatu zuen lehen etapako podiuma.

Aulkian, garaipena eramango ote zuen edo ez jakin zain, kasik bi ordu egon zen Longo. Hautagai nagusien antzera, goiz irten nahi izan zuen Piemonte eskualdeko txirrindulariak. Erabaki ona izan zen, gerora euria hasi eta lasterketa apur bat gehiago zaildu baitzen. Modu berean egin zuen aurkari nagusi zuen Lotte Kopecky-k ere, Longo baino lehenago atera baitzen.

Italiarrak, baina, egungo munduko txapeldunak baino hanka hobeak erakutsi zituen ibilbidean zehar eta, hala, 25 segundoko aldea atera dio belgikarrari. Ez da tarte erabakigarria baina bai pozik egoteko modukoa, sentsazio onek beti ematen baitute hauspoa.

Maillot arrosarekin hasiko du gaurko etapa, 110 kilometrokoa, Sirmione eta Volta Mantovana lotuko dituena. Profil laua dauka etapak eta, beraz, esprinterrentzat izan daiteke egokia.

LABORAL KUTXA

Laboral Kutxak bere estreinakoa izan zuen Giroan eta txukun aritu ziren txirrindulariak. Usoa Ostolaza izan zen euskaldunik onena, 75. postua lortuta, irabazlearengandik minutu bat eta 44 segundora. Ane Santestebanek, taldeko liderrak, 115. bukatu zuen, 2 minutu eta 19 segundora.