GARA Euskal Herriko egunkaria

Balkanetako ibilbidea egingo du Mugak Zabalduz karabanak


Mugak Zabalduz karabanak 220 ekintzaile eramango ditu Balkanetako migrazio ibilbidera, Europako migrazio ituna salatzeko. Uztailaren 12tik 21era bitarte egingo duten ibilbidean, «EBra sartzeko atzeko edo lurreko atean gertatzen dena ikusaraztea» da beraien helburua.

Autobusak Bilbo, Madril, Valentzia eta Bartzelonatik abiatuko dira. Ondoren, NATOk Avianon (Italia) duen base militarrean geldituko da karabana, eta handik Bosnia eta Herzegovinako Bihacera egingo du. 1990ean setiatu egin zuten hiri hau, eta egun migranteen igarobidea da. Berriz Italiara egin eta Triesteko Gradiscako Aldi Baterako Egonaldi Zentroa bisitatuko dute.

Karabanarekin bat egiten duten elkarteek Europako Parlamentuak apirilean onartu zuen Migrazio Ituna gaitzetsi dute ohar batean, «Europako hauteskundeetan eskuin muturrak gora egin duela baieztatu berri den une honetan».

Bestalde, diotenez, «interes ekonomikoek eta EBra atxikitzeko asmoek» Balkanetako gobernuekin migrazioari eusteko «joko gaiztoa» mantentzea ahalbidetzen dute, «behartutako arrazoiengatik lekualdatzen diren pertsonen giza eskubideak urratzearen kontura».