GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
Unai IRIBAR
Kern Pharmako txirrindularia

«Espainiako Vueltan lehiatzeko une egokia dela iruditzen zait»

Unai Iribar (Ibarra, 1999) Kern Pharman ari da denboraldi honetan, profesionaletan hirugarren urtea duen honetan. Apirilean, kirofanotik pasatu zen, hatzeko haustura konpontzeko eta oraindik mugikortasun osoa berreskuratu ez badu ere, ez dauka eragozpenik bizikleta gainean lehiakor aritzeko. Espainiako Vueltan lehiatzea dauka begiz jota.

(KERN PHARMA)

Sierra Nevadan altuerako egonaldia egiten ari da Unai Iribar, Kern Pharma taldearekin. Datorren astean, hilaren 14an hasita, Pirinioetako Tourrean lehiatuko da, eta astebetera Ordiziako Klasikoan egongo da. Helburu nagusia, Espainiako Vueltako deialdian sartzeko «meritu nahikoa egitea». Behin-behineko deialdian dago, baina eta hiru asteko itzuli handi batean egoteko anbizioa daukala esan du NAIZ Irratian. Denboraldi hasiera txukuna egin ostean, Doubseko Tourrean erorikoa izan eta hatz bat hautsi zuen. Horrek bost astez atera zuen errepidetik, eta Espainiako txapelketetan berragertu da orain. Datozen lasterketei begira, «are eta gose handiagoarekin» dagoela adierazi du.

Kern Pharmarekin daukazun egutegia bada indarrak edukitzeko modukoa; txirrindularitza gosez dabilenarentzat pozik egoteko modukoa ere bai, ezta?

Bai. Nire kasuan lesio batetik etorri naiz, Euskal Herriko Itzuliaren ostean, Frantziako karreretan puntu onenean nengoenean, eroriko gogor bat izan nuen, bost astez errepidetik kanpo utzi nauena, behatzeko haustura batekin. Udako karrera hauei begira are gose handiagoarekin nago.

Erorikoaren aurretik maila onean ikusi zintugun: Valentzian, Omango Tourrean. Zu zer nolako sentsazioarekin zenbiltzan?

Iaz ez nuen ongi bukatu denboraldia; mononukleosi bat hartu nuen eta ez nuen bukatu nahi bezala. Portugalgo itzulian, abuztuan, lehiatu nintzen azkenengoz eta ikusi nuen gorputza ez zegoela ongi. Egin nituen analitiketan mononukleosia pasa nuela atera zitzaidan eta denboraldia bertan amaitutzat utzi nuen. Urteko lehendabiziko lasterketetan kostatu zitzaidan puntu hori harrapatzea, maila txukun batean bainengoen, baina lasterketen borroka horretan sartzeko oraindik puntu bat falta zitzaidala igartzen nuen. Euskal Herriko Itzuliak bai eman zidala puntu hori eta justu Frantzian, Jurako Tourrean eta Besançon Doubs klasikoan berriro ere lehiakor nengoela nabaritzen nuen. Askotan izaten den bezala, ondoen zaudenean orduan etortzen dira zorigaiztoko eroriko hauek eta hala tokatu zitzaidan Doubseko Tourrean. Berriro ere puntu horretara iristeko asmoz ari naiz lanean.

Geldialdiaren ostean, Espainiako txapelketa horiek osatu dituzu. Nolakoa izaten ari da berriro ere suspertzeko prozesu hau?

Ona. Espainiako txapelketa horietan uste nuen baino hobeto itzuli nintzen. Lasterketaren ia bukaera arte borroka horretan egon nintzen. Ez nuen inor hain urrun ikusi eta, nahiz eta bost aste geldirik egon, hilabete batean egin nituen lan horiek fruituak eman zituzten. Orain ere, egonaldiko hasierako egun hauek egokitzapen modukoak izan dira, altitudearengatik, eta ikusi dugu ez nagoela maila txarrean. Bide onetik noa eta gogoz nago lasterketak iristeko.

Espainiako Vueltako lehen hautaketan zaude. Hiru asteko itzulia osatzeak, Espainiako Vueltan aritzeak, bereziki motibatzen zaitu?

Nire hirugarren urtea da txirrindulari profesional bezala. Euskalteleko lehendabiziko urtean Espainiako Itzulia korritu zen eta aurreaukeraketa horretan sartu nintzen, baina oraindik lehendabiziko urtea zen profesional bezala eta ez zen momentua. Oraintxe bertan, hirugarren urtea izanda, nahiko nuke bertan egon; iruditzen zait une egokia dela horrelako lasterketa batean lehiatzeko. Anbizio hori ere eduki behar da. Inoiz ez dut egin hiru asteko itzuli bat eta aukera paregabea daukat orain. Ea bertan sartzeko merituak egiten ditudan.

Horrelako lasterketa bat gogorra izango da, baina zerbait erakutsi nahi duen txirrindulari batentzat 21 etapa 21 aukera ere badira.

Bai. Gainera, azkenean talde gonbidatu bezala goaz. Galtzeko gutxi daukagu eta irabazteko asko. Aukera hori ematen badigute ahalik eta ondoen aprobetxatuko dugu, bai nik, bai nire gainontzeko taldekideek. Protagonistak izatera aterako gara eta lasterketak ematen dizkigun aukera guztiak aprobetxatzera. Seguru txarretik gehiago izango dugula onetik baino; alegia, sufritzea egokituko zaigula sufriaraztea baino, baina horretarako ari gara prestatzen. Guretzat sari bat izango da eta ahalik eta ondoen aprobetxatu beharko dugu datozen urteetan ere gonbidapen hori jasotzeko.