GARA Euskal Herriko egunkaria

Iruñeko erraldoiak dantzaraztea, indarra baino gehiago oreka kontua

Iruñeko zortzi erraldoietako bat dantzarazteko indarra behar da, baina batez ere oreka kontua da, Ibon Laspeñas Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako presidenteak azaldu duenez.

Erraldoiak Kuria kalean gora. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Iruñeko erraldoiek 3,45 eta 3,50 metro artean neurtzen dituzte, eta 3,80ra iristen dira garraiatzen dituenarekin; 56 eta 64 kilo arteko pisua dute. Horiek dantzaraztea «ez da erraza, baina batez ere ordu asko eman behar dira, denbora eskaini behar zaio, pausoak ondo ikasi behar dira, dantzatzen ikasi behar da... konplexutasun handia du», aitortu zion Ibon Laspeñasek Efe agentziari. Errege amerikarra eramaten du berak.

Azaldu zuenez, erraldoi bat altxatzeko «sasoian egon behar da, baina batez ere oreka behar da. Azkenean, pisu gutxiago du ondo orekatuta eramaten duzunean», nabarmendu zuen Laspeñasek. Bere aita ere konpartsako kidea izan zen.

1860AN SORTUTA

Iruñean Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren erreferentzia zaharrenak XVI. mendekoak dira, baina gaur egungoa 1860koa da, eta buruhandi, kiliki, erraldoi eta zaldikoen artean kartoi-harrizko 25 figurak osatzen dute.

Inork ez lituzke sanferminak ulertuko erraldoi eta buruhandien goizik gabe, Konpartsako presidenteak adierazi duenez. Azken urteotan pertsonaia horiek haurren artean izan duten «boom»-arekin bereziki pozik agertu da: «Horrek harrotasunez betetzen gaitu, hor egoteak eta horrelako maitasuna jasotzeak...».

Asko dira Iruñeko kaleetan zehar erraldoien desfilea zaildu dezaketen ustekabeak, horien artean egunero Konpartsaz gozatzeko biltzen den jendetza. «Jendeak errespetatu egiten du, nahiz eta batzuek gutxiago egin, batez ere kanpoko jendeak, agian ez baitu ulertzen zer den, eta arazo txikiren bat sor daiteke, nolabait esateagatik; baina jendeak, oro har, badaki zer dagoen».

Konpartsako kideek beti egin izan dituzte argazkiak desfilera joaten diren pertsonekin, baina orain, esaten duenez, «erokeria da»; izan ere, «haur jaioberriak eta Caravinagre edo Coletasekin egin zuten argazkia berriro egin nahi dutela dioten adinekoak» hurbiltzen zaizkie.

Erraldoi eta buruhandiak funtsezkoak dira jaietan. Iruindarrentzat eta bisitarientzat pozgarria da, eta Konpartsako kideek gogo onez hartzen dute ardura hori. «Harro egoteko modukoa da hor gauden guztiontzat», nabarmentzen du.