GARA
DONOSTIA

Mugik «historiako daturik onenak» lortu ditu 2023an

Mugi txartelarekin iaz baino 12 milioi bidaia gehiago ordaindu ziren 2023an Gipuzkoako Azahara Dominguez diputatuak emandako informazioaren arabera. Guztira 69 milioi bidaia ordaindu zirela azaldu zuen baloraziorako egindako agerraldian.

Mugik inoizko daturik onenak izan ditu pasa den urtean.
Mugik inoizko daturik onenak izan ditu pasa den urtean. (EUROPA PRESS)

Mugik 2023an «historiako daturik onena erregistratu zuen», adierazi zuen atzo Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek, prentsaren aurrean egindako balorazioan. Emandako datuen arabera, 69 milioi bidaia ordaindu ziren txartel horrekin, aurreko urtean baino 12 milioi gehiago.

Mugi sisteman txertatutako garraio publikoetan egin ziren 83 milioi bidaietatik, 69 milioi baino gehiago ordaindu ziren txartelarekin, Dominguezek jakinarazi zuenez, eta guztira 130.473 txartel saldu zirela azpimarratu zuen. 2024ko lehen hilabeteetan ere «goranzko joera» mantendu dela azaldu zuen: «Ditugun datuek diote urtarriletik maiatzera 60.253 txartel jaulki direla (aurreko urteko aldi berean baino %17 gehiago) eta 34,3 milioi bidaia egin direla (2023ko aldi berean baino ia milioi bat gehiago)».

Erabiltzaileen profilaren inguruan ere hitz egin zuen: Mugiren erabiltzaileen gehiengoa «emakumea da, Gipuzkoan bizi dena, eta hiri-autobusak erabiltzen ditu». Datuak xeheki aztertuta ere hori ondorioztatu daiteke, hamarretik sei dira emakumeak; erabiltzaileen %92 Gipuzkoan bizi da, eta %53 Donostialdean. Gainera, Mugirekin ordaindutako bidaien lehen postuan DBUS dago, bidaia guztien %36 baitira DBUSean egindakoak: %32 Lurraldebusen, %19 Euskotrenen eta %9 Renfen egindakoak.

PASAIAKO TXALUPA ETA LOIURAKO AUTOBUSA

Dominguezek gogorarazi zuen azken hilabeteetan bi eskakizun «historikori» erantzun zaiela: Pasaiako txalupa eta Loiuko aireportuko autobusa Mugin sartzea, «horrek erabiltzaileentzat suposatu duen aurrezpenarekin». Datozen hilabeteei begira, aurreratu zuen lanean ari direla Mugi birtuala martxan jartzeko eta «Mugiren elkarreragingarritasuna handitzeko Bizkaiko hiriarteko autobusetan eta garraio-sare publikoan».

«Datu horiek erakusten digute Mugi Gipuzkoan oso finkatuta dagoela. Garraio-sistema bateratuak deskontu eta hobari handiak eskaintzen dizkie erabiltzaileei, garraio publikorako sarbidea demokratizatzeko eta Gipuzkoa bidezkoago eta kohesionatuago baten eraikuntzan aurrera egiteko», ondorioztatu zuen aurkezpenean diputatuak.