EDITORIALA

Oroitzea ez da aski, baina ezinbestekoa da

Aurrera doa festa Iruñean, giro ezin hobean, baina festaren argia iluntzen duten gertaerak baztertu ezinik; horietan jasangaitzenak, eraso matxistak. Ezin uka aurrera egin dela kontzientziazio arloan, gaur egun protokolo gero eta egokiagoak daudela eta herritarren erantzuna gero eta sendoagoa dela; hala ere, asteburuan ikusi denez, ez da nahikoa. Aurrera egin da, halaber, hamarkadatan oztopo artean bide egin behar izan duen memoriaren arloan, nahiz eta, atzo German Rodriguezen oroimenez egin zuten ekitaldian gogorarazi zutenez, oraindik aski ez izan. Izan ere, zaurituei eta Rodriguezen familiari egia jakiteko eskubidea ere ukatzen zaie oraindik.

Gertakari ezaguna da 78ko sanferminetako hura, eta bizirik dago Germanen oroimena, Iruñean eta, oro har, Euskal Herrian. Atzo Orreaga kalean, azken 46 urteetan bezala, Germanen omenezko estelaren eta beste bidegabekeria erraldoi bat oroitarazten zuten bandera palestinarren inguruan, Poliziak hildako iruindarra omendu zuten, urtean baino urtean herritar gehiagok parte hartzen dutela erakutsita. Gertatutakoak ez ahanztea funtsezkoa du aurrera, hobera egin nahi duen herri batek. Eta herri honek oroimenari eutsi dio, errepresioa gorabehera, sarraskia bizi izan zutenek ez ahanzteko eta bizi izan ez zutenek haren berri jakin dezaten. Horregatik, atzoko ekitaldian gogoan izan zituzten Presen Zubillaga zena eta berak bezala ahanzturaren aurkako sugarra bizirik atxiki dutenak. Inolako etekin pertsonalik bilatzen ez duen lana, lan jazarria, baina, urtez urte ikusten denez, arrakastatsua.

Ez da aski, baina urratsak egiten ari dira; Nafarroako Gobernuak biktima gisa aitortu ditu German hil zuten egunean balaz zauritutako lau pertsona, eta hiriko Udalean eta Parlamentuan gertakari hura gizateriaren aurkako krimentzat jotzen duten mozioak onartu dituzte. Horretarako, ezinbestekoa izan da jende askok isilean eta jazarpenari aurre eginez egindako lana. Ezin egokiagoa da, beraz, mugimendu feministako kide eta Sanfermines 78 Gogoan plataformaren bultzatzaileetako Presen Zubillaga eta berarekin aritutako ekintzaileak herritarren gogora ekarri izana. Ondo merezia.