10 JUL. 2024 HOW TO HAVE SEX Sexu-onespenari buruzko lan aparta Gaizka IZAGIRRE HERNANI Film honek, 90-2000ko hamarkadetako “American Pie” erako zenbait filmek emakumeen inguruan sortutako iruditeria penagarria birrindu eta neska gazte batek sexuaren aurrean duen esperientzia erakusten du. Garai hartako film horien B aldea da; lehen ikustaldian dirudiena baino askoz sakonagoa da. Bazen garaia nerabeen sexuari buruzko erretratu sinesgarri bat ikusteko eta, zer kasualitate, emakume batek zuzendu du. Harreman toxikoei, ahizpatasunari, itxurakeriari eta, bereziki, onespenari buruzko lan aparta osatu du Molly Manning Walker hasiberriak. Ikuslea gogoeta egitera gonbidatzen duen filma da. Hiru neska nerabe britainiar oporretara joango dira Greziako kostaldera. Beren bizitzako udarik onena igarotzeko asmoz, edatea, etengabe parrandan ibiltzea eta ligatzea izango dute helburu nagusi eta ia bakarra. Leku horretan dena dago prestatuta neurrigabeko egunak bizitzeko: alkohola une oro, festa. Kasu honetan Greziako herrixka jakin batean girotuta badago ere, Magaluf, Salou edo tankerako lekuetatik iristen zaizkigun irudi negargarriak segituan etorriko zaizkigu burura; oso identifikagarria den zerbait da. ARGAZKILARITZA LANA. Bisualki ere aparta iruditu zait. Lan ederra osatu du Nicolas Canniccioni argazki-zuzendariak. 91 minutuan etengabeko parranda giroan murgilduta dauden pertsonaia batzuk erakusten ditu; funtsean, hoteleko gelatik diskotekara, diskotekatik igerilekura, berriz gelara…. ez zirudien oso eszenatoki aproposa argazkilaritza lan deigarri bat egiteko, baina bikaina iruditu zait. Aldaketa handiak daude gauaren eta egunaren artean, eta osagai zinematografiko guztiak ondo landuak daude. Soinuak eta kamerak protagonismo handia dute pertsonaia nagusiaren jarraipenean. Zinemetako ibilbide oparoaren ostean Filminera iritsi da.