Aitor AGIRREZBAL
IRUÑEA

Mugimendu Feministak intentsitate altuko hiru sexu eraso salatu ditu

Sanferminak hasi zirenetik intentsitate altuko hiru sexu eraso salatu dira, eta intentsitate baxuko beste sei, Iruñeko Mugimendu Feministak atzo jakitera eman zuenez. Denon ardura nabarmendu zuten, hedabideen lana ere aipatuta: «Onartezina da batzuek eragiten duzuen birbiktimizazioa», kontakizuna emakumeari dagokiola gogora ekarriz.

Agerraldia egin zuen atzo Mugimendu Feministak Iruñean.
Agerraldia egin zuen atzo Mugimendu Feministak Iruñean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iruñeko Mugimendu Feministak jakinarazi zuenez, uztailaren 6an sanferminak hasi zirenetik intentsitate altuko hiru sexu eraso izan dira nafar hiriburuan. Orain arte ezagutu dituzten eraso horiek guztiak jaietako lehen egunean gertatu ziren. Era berean, intentsitate baxuko beste sei eraso ere salatu direla baieztatu zuten.

Alde Zaharreko O plazan egin zuen agerraldia atzo eguerdian. Bertan, gogora ekarri zuten uztailaren 7an Gaztelu plazan jendetza bildu zela ordura arte ezagutzen zen intentsitate altuko eraso bakarra salatzeko. Geroztik, beste bi salaketa ere izan direla jakin dute. «Berriz ere gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu erasotuak izan diren emakumeei».

Zentzu horretan, atzo egindako Segurtasun Batzordean uztailaren 6tik 7rako gauean gertatutako sexu eraso baten berri eman zuten. «Kanpoko baliabide batek» jakinarazi duela adierazi zuten, eta ikertzen ari dira.

Jaietako hiru egun baino ez dira pasa, eta hausnarketa argia da: «Nahikoa da! Onartezina da gizon batzuen emakumeenganako jarrera: ukituak, baboseoa, jazarpenak, txapa amaigabeak, bortxaketak, irainak... Matxiruloekin nazkaturik gaude», adierazi zuten.

Emakumeek jai esparruetan ere «ez dutela peajerik ordaindu behar» gehitu zuten. Izan ere, emakumeen espazioak ere badira. «Hauek gure sanferminak dira, gure jaiak, eta ez gara inora joango. Edo hobeto esanda, nahi dugun lekura joango gara eta askatasunez biziko ditugu gure jaiak». Horregatik, «soberan dauden bakarrak» erasotzaileak direla azpimarratu zuten. «Gure hirian ez dugu erasotzailerik onartzen, eta kanporatu egingo ditugu, aurrean izango gaituzue», gehitu zuten, orain arte eman diren erantzunak txalotuz.

KOMUNIKABIDEEN ARDURA

Era berean, agerraldia prentsa aurrean egiten zela baliatuz, eta hedabide ugari gerturatu zirela aprobetxatuz, eraso matxisten aurkako borroka guztion ardura dela nabarmendu zuten, medio batzuek gai honen inguruan egiten duten lana kritikatuz. «Onartezina da batzuek eragiten duzuen birbiktimizazioa, erasoen detaile morbosoak kontatuz, askotan gezur hutsak direnak».

«Eraso bat eraso bat da eta jendarteak ez du zertan jakin emakumearen inguruko daturik, ezta gertaeraren inguruko detaile nazkagarririk ere», helarazi zuten. Izan ere, kontakizun hori «soilik erasoa jasan duen emakumeari» dagokiola azpimarratu zuten. «Bera da noiz, nola eta non kontatu nahi duen erabakitzen duena, baldin eta kontatzea erabakitzen badu».

Astelehenean Udalak jakinarazi zuenez, eraso hauetako bat etxebizitza partikular batean gertatu zen eta Udaltzaingoak ikerketa abiatuta zuen. Hala adierazi zuen Udaleko Babes Zibileko Batzordeak. Orduan emandako datuen arabera, Udaltzaingoan eta Foruzaingoan ukituengatik bost salaketa jaso dituzte. Azken horiei dagokienez, sei atxiloketa izan dira.

Bestetik, astelehenean jakinarazi zuen Foruzaingoak pertsona bat atxilotu zuela emakume bati Villavesa batean egindako sexu-eraso batengatik, eta gidaria izan zela erasotzailea ohartarazi eta atxiki zuena. Gertakariak gauerdian izan ziren, ibilgailuaren barruan, Erripagaina etorbidean, Burlatan. Gidariak bidaiari bat oihuka entzun zuen, ibilgailua gelditu eta ateak itxi zituen Polizia iritsi arte itxaroteko. Gizonezkoa atxilotu zuten.