11 JUL. 2024 IAK Izaskun Arrue Kulturgunea abian, euskal kultura landu eta erakusteko Euskal kultura lantzeko eta erakusteko ekimen bi uztartu dituen proiektua aurkeztu zuten atzo, halako batean, Gasteizko Ruiz de Bergara jauregian: Izaskun Arrue Kulturgunea, IAK. Lazarraga Kultur Elkarteko Lukas Etxeberria eta Amaia Kerexetak iragarri zuten haren irekiera eta kulturgunearen marka berriaz, webguneaz eta programazioaz hitz egin zuten. Hilaren 18az gero, euskarak eta euskal kulturak topagune garrantzitsu bat izango dute Gasteizen. Lazarraga Elkarteko ordezkari Lukas Etxeberria eta Amaia Kerexeta, IAKen aurkezpenean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) XABIER IZAGA GASTEIZ Urte bi joan dira Gasteizko Euskararen Etxearen ibilbidea amaitu zenetik, Euskararen Etxea bera ere bilduko zuen proiektuaren barruan bere ibilbideari segida emateko. Hura hartuko zuen eraikina atontzeko lanak aurreratuta samar zeuden, baina zenbait hilabetetako itxaronaldia luzatu egin zen, ondo ulertzen ez diren -eta Udalak azaldu ez dituen- zenbait gorabehera eta bidegabekeria tarteko. Duela hilabete, halako batean, akordio bat lortu zuten Udalak eta Lazarraga Elkarteak. Atzo goizean aurkeztu zuten Euskararen Etxea eta Gasteiz Antzokia batu dituen proiektua: Izaskun Arrue Kulturgunea, IAK. Lazarraga Kultur Elkarteko Lukas Etxeberriak eta elkarteko lantaldeko ordezkari Amaia Kerexetak egin zuten haren aurkezpena. Etxeberriak esan zuenez, «ezustekoak» eta hainbat gorabehera gaindituta, Lazarraga elkarteak «aurrera begira jarri» nahi du. IAKen helburua azaldu zuen lehenik: «Euskal kultura biziarazi nahi dugu, esperimentatu, balioetsi, landu, sortu eta erakutsi». UZTAILAREN 18AN ZABALDUKO DUTE Hasiera pausatua izango dela esan zuten Lazarragako kideek, «errendimendu betean» hasi artean. «Euskaraz jakin edo ez jakin», kulturgunea denentzat zabalik egongo da, euskal kultura «guztiok partekatzeko» asmoz, eta gasteiztarrak gonbidatu zituzten bertara. Hilaren 18an zabalduko dute, baina egun bi lehenago jarduera bat egingo dute, Nondik arkitektura estudioaren eskutik: “Ertzak Zintzilik” lantegia, hain zuzen, Ruiz de Bergara jauregiaren arkitekturaren elementuekin jolasteko aukera. Irekiera ekitaldian Lazarraga elkarteko bazkideak, lagunak eta kulturgintzako hainbat eragile izango dira, eta hurrengo bi egunetan bisita gidatuak egingo dituzte. Abuztuaren 6an, familia jarduerak izango dira, Prospero Teatrok girotuta, birziklatutako objektuak jolaserako baliatuz. Uztailaren 22tik aurrera hiru deialdi egingo dituzte: “Taulara” izenekoa, formatu txikiko antzezlan eta bakarrizketak egiten dituztenentzat; “Muina”, edozein kultura jarduera egiten duten denentzat, eta “Egin Leku” izenekoa, musikari hasiberrientzako plaza. Datozen asteetan emango dute udazkeneko programazioaren berri, eta ordutik aurrera, programazioaren aurkezpena urtaroka egingo da. Uda ostean, beraz, askotariko diziplinetako jarduerak izango dira, «euskara elementu eroale bihurtuta»: musika eta arte biziak, familia jarduerak, zinema eta ikus-entzunezkoak, deialdiak eta hezkuntzari eta ezagutzari lotutako ekimenak. EUSKAL KULTURAREN ERAKUSLE ETA TOPAGUNE Etxeberriak eta Kerexetak azaldu zutenez, Izaskun Arrue Kulturgunea Oihaneder Euskararen Etxearen erreleboa hartzeko sortu da. «Euskararen Etxea eta Gasteiz Antzokia uztartuko dira egitasmo bakarrean [...] euskaratik eta euskaraz». Beraz, alde batetik sormena, ekoizpena, erakustea, komunikazioa eta audientziak landuko ditu eta, bestetik, «hiriko dinamika suspertuz», Gasteizen euskararen erabilera normalizatzeko topagunea izango da, euskararen, euskal kulturaren eta aisialdiaren bidez. Kulturgune berriak bere marka ere sortu du, «egitasmoaren nortasuna adieraziko duen kontzeptu-marka, ez baita antzoki soila izango, ezta euskararen etxea bakarrik ere». Logoko, siglek Ruiz de Bergara jauregiaren elementu geometrikoak dituzte oinarri. Azkenik, proiektua eta marka gizarteratzeko, iak.eus webgunea sortu dute eta sare sozialak abiatu eta dinamizatuko dituzte. EUSKARA ARDATZ«Oihanederren errotzen hasitako Euskararen Etxea eta Gasteiz Antzokia uztartuko dira egitasmo bakarrean. Ildo horretatik, kultura-proiektu integrala izateko asmoarekin sortuko da, euskaratik eta euskaraz»